Eskualdeko bi talde izango dira ikusgai gaur eta bihar Antzerki Topaketetan

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 16a

Azpeitiko XXX. Euskal Antzerki Topaketen azken asteburua izango da datorren hau. Gaur eta bihar antzerki amateurreko bi talde ariko dira Soreasu antzokian. Gaur, Azkoitiko Koldarrak antzerki taldeak Izan bedi emakumea antzezlana egingo du, 21:30ean. Koldo Camposek idatzi eta zuzendutako lana da. Bihar, berriz, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek Bai, nahi dut antzezlana egingo dute Soreasun, 21:30ean. Alaitz Olaizolak zuzendutako lana da. Aurten bederatzi urte beteko ditu Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak lanean, eta topaketetan laugarrenez hartuko dute parte. Taldeak, neurri batean herriko antzerkizaletasuna jorratzen duela esan du Olaizolak. Taldetik urte hauetan guztietan emakume piloa pasatu dela adierazi du. Bihar, bigarrena eta azkena Bihar Soreasun egingo duten obra joan den maiatzean estreinatu zuten. Olaizolak, azaldu duenez, «obra bigarrenez egingo dugu Soreasun. Gure obrak horrelako dira, hemen jaio eta hemen hil». Era berean, gogora ekarri du, beraiekin antzerki tailerrean ibili zen Kontxi, eta «haren oroimenez» egingo dutela esan du.  Komedia da, baina «oso positiboki planteatua». Urtero beraientzako «ezinbestekoa» den publikoa izaten dutela esan du eta biharkoan ere herritarrak Soreasura animatu ditu. Aurtengo antzerki topaketak igandean bukatuko dira. Tartean Teatroak Alabatxo antzezlana egingo du, haur eta helduei zuzenduta. Soreasun da hau ere, 18:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide