“Epaiketak, isunak, espetxeratzeak…Ohikoak dira. Azaroaren 18tik 25era zarauztar batek etxean atxilotuta pasatu beharko ditu egunak. Eta bere delitu bakarra elkartasuna adieraztea izan da”. Egoera hori salatze aldera, dEZkontrolatu!!! jardunaldiak antolatu dituzte Putzuzulon. Gazte horrek atxilo pasatu behar dituen egun beretan, askotariko ekitaldiak izango dira, hala. Besteak beste, Nekane Juradok kontrol ekonomikoaren inguruan hitzaldia eskainiko du Arraio Irratian zuzenean, 70. eta 80. hamarkadetako langile mugimenduaren eta etxe desjabetzeen inguruko solasaldiak izango dira eta Munstroa antzezlana, besteak beste.
“Egun ezarrita dagoenaren aurka mugitzen den edonor izan daiteke errepresioaren jomuga. Baina, zer egin behar dugu bestela? Etxean gelditu, eta gertatzen diren injustizia guztiren aurrean, ez ikusiarena eginez, guri gertatzen zaigun arte beste aldera begiratzen jarraitu?”, diote antolatzaileek. Nahiz eta geroz eta jendarte “indibidualizatuagoan” bizi, “isilik geratzeko asmorik ez duen” jendea badago: “Bizi dugun egoeraren aurrean mugitzeko beharra ikusten duena. Hori dela eta, mobilizazen direnen artean egurra banatzen dute”. Horretarako “formula eraginkorra” erabiltzen dutela gaineratu dute: kontrola. “Modu askotara kontrola gaitzakete. Ekonomikoki kontrolatuak, sarean kontrolatuak, kameren bidez kontrolatuak. Jaiotzen garenetik kontrolatuak. Kontrolaren sisteman bizitzea tokatu zaigulako”.
Hori salatzeko, astebete deskontrolatzen pasatzeko asmoa dute, “ekonomiaz, desjabetzeez, langile mugimenduaren eboluzioaz eta orokorrean egun sufritzen ari garen egoera jasangaitz honen inguruan jarduteko gogoa eta beharra sentitzen dutelako”.
