Gaur aurkeztu dute Durangoko Diska eta Liburu Azokako aurtengo edizioa. Jakinarazi dutenez, Benito Lertxundi kantariak jasoko du Argizaiola saria, eta kultura ijitua izango da gonbidatua. Ohikoa baino egun bat gutxiago izango du azokak; abenduaren 6tik 9ra egingo dute.
Atzo jakinarazi zuenez, sendatu zaio eztarria Benito Lertxundiri, eta berriz abesteko moduan da. Kiste bat kendu diote ahots kordetatik abeslari oriotarrari, eta uda osoa behar izan du errekuperatzeko. Bihar kontzertua eskainiko du, Zallan. Maiatzean aurkeztu zuen
Oroimenaren oraina diskoa. Biharko kontzertuarekin bira bat hasiko du abeslariak, eta han eta hemen izango da urtarrilera bitartean. Oraingoz hauek ditu konfirmatuta: Donostian hilaren 17an, Bilbon 25ean eta Ermuan (Bizkaia) 30ean.
Durangoko kartela, Basterretxearena
Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924) egin du aurten, enkarguz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren kartela. Urriaren 2an aurkeztu zuten lana, Durangoko San Agustin kulturgunean, eta Basterretxeak esan zuen "ohorea" izan dela kartela egitea.
Azkenaldian lantzen dabilen teknika berri baten oinarritzen da Basterretxearen lana, Gerediaga elkarteak kartelaren aurkezpenean azaldu zuenez. Telebistako irudietako pixelei argazkia atera eta haiei forma emanez, egitura geometrikoak egiten ditu, hortik kolore biziak dituzten beirateak osatzeko. Berria izanik ere, estetikoki artistaren ikur den itxurarekin bat dator lana.
Azken urteetan lehiaketa bidez aukeratu izan du Gerediaga elkarteak kartela, baina aurten lehengo ohitura berreskuratu nahi izan dute antolatzaileek. Lehen, hain zuzen, Durangaldeko artista bati eskatzen zioten kartela egiteko, "eta oraingoan euskal artista bati eskatu diogu enkargua", adierazi zuen elkarteak; "lehen lerroko artista bati".