Europan osoan zehar murrizketen eta herstura ekonomikoa bultzatzen duten politiken aurka mobilizazio eguna izan da gaurkoa CES Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta eta Euskal Herrian CCOO eta UGT sindikatuek lanuztea egitera deituak zituzten herritarrak.
Urola Kosta eskualdean urteko hirugarren greba orokorrak jarraipen txikia izan du, besteak beste eskualdeko gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek ez dituztelako herritarrak mobilizatzera deitu. Greba Orokorraren bezperan dagoeneko UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek azaldu zuten, Urola Kosta eskualdean eta oro har Gipuzkoan gaurkorako antolatuta zeuden mobilizazioak «ez zirela masiboak izango». Adegik Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak jakinarazi duenez, gaur %3ko jarraipena izan du greba orokorrak Gipuzkoan.
«Jarraipen txikiagoa»
Gipuzkoako UGT sindikatuko ordezkari Modesto Martinezek adierazi duenez, «Urola Kostan Euskal Herriko gainontzeko eskualdeetan baino jarraipen txikiagoa izan du greba orokorrak. Normalean, jarraipena eskualdean sindikatuek duten ordezkaritzaren araberakoa izaten da eta argi eta garbi Urola Kostan ELA eta LABek dute gehiengo ordezkaritza sindikala. Dena dela gustura gaude Gipuzkoa mailan izan dugun erantzunarekin; Pasaiako Portua, aireportuan eta garraio publikoan gutxieneko zerbitzuak eskaini baitituzte» zehaztu du.
Urola Kostan goizean goizetik, normaltasuna izan da nagusi eskualdeko kaletan. Saltokiak arazorik gabe ireki dituzte lehen ordutik eta ohi bezala, herritarrak eguneroko erosketak egitera atera dira kalera.
Eskualdeko CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek uste zuten greba orokorrak industrian izango zuela jarraipenik handiena, baina enpresa gehienek normaltasunez egin dute lan eta lan mugimendua antzematen zen industriaguneetan.
Esku-orriak eskualdean
UGT eta CCOO sindikatuek Euskal Herrian lurralde bakoitzeko hiriburuetan zentralizatu dituzte mobilizizaioak, hori dela-eta lanuztea egin duten eskualdeko herritarrak Donostian egin dute manifestazioa. Dena dela, gizarte osoa mobilizazioetan parte-hartzera animatzeko UGT sindikatuaren auto karabanak eskualdea zeharkatu du eta esku-orriak banatu dituzte grebaren inguruko informazioa emanez.