Sendatu zaio eztarria Benito Lertxundiri, eta berriz abesteko moduan da. Kiste bat kendu diote ahots kordetatik abeslari oriotarrari, eta uda osoa behar izan du errekuperatzeko. "Hilabete egon naiz ahoa ireki gabe". Hala azaldu du Euskadi Irratian.
"Lehengo batean izan nintzen medikuarenean, eta uste nuen errieta botako zidala, kantatzen hasita nengoela esaten nionean". Itxuran ondo topatu zuen medikuak, ordea, eta dio aste honetan abesten hasteko prest egongo dela. Ostiralean emango du, izan ere, lehen kontzertua, Zallan.
Ebakuntzarekin aspaldian galdutako ahots frekuentziak berreskuratu dituela aitortu du Lertxundik. "Kisteak ahots kordarekin topo egiten zuen, eta hutsune bat sortzen zen. Haizeak ihes egiten zuen handik, beraz. Kentzean, sorkak argi ixten dira, eta frekuentzia berriak agertu zaizkit. Medioetan brillanteagoak".
Maiatzean aurkeztu zuen
Oroimenaren oraina diskoa. Ostiraleko kontzertuarekin bira bat hasiko du abeslariak, eta han eta hemen izango da urtarrilera bitartean. Oraingoz hauek ditu konfirmatuta: Donostian hilaren 17an, Bilbon 25ean eta Ermuan (Bizkaia) 30ean.