Iñigo Odriozola. Datik enpresako zuzendaria

Eusko Jaurlaritzako Garraiobide sailaren enkarguz, Bidekide proiektua sortu du Datik enpresak. Bide bera egin behar dutenek auto pribatua partekatzeko bitartekariak jartzea da horren helburua, egunerorako edota kasu jakinetarako. Iñigo Odriozolak (Zarautz, 1981), enpresako zuzendariak, azaldu dizkio egitasmo horren nondik norakoak Urola Kostako Hitza-ri.
Zein helbururekin sortu duzue Bidekide proiektua?
Eusko Jaurlaritzak lehendik abian duen Moveuskadi egitasmo aren baitan txertatu dugu Bide Kide proiektua. Erakundeak aurrez sortu zuen plataforma hori, erabiltzaileek garraio publikoan bidaiak planifikatu ahal izateko. Guk, plataforma hori aprobetxatuz, garraio pribatua ere koordinatzea interesgarria zela pentsatu genuen. Horren helburua bide bera egin behar dutenek autoa partekatu ahal izateko zubia izatea da. Euskal Herri osorako da baliagarria, eta doakoa.
Zeintzuk dira proiektu berritzaile horren ezaugarriak?
Lehendik existitzen dira halako plataformak, baina oso lokalizatuta daude. Horren ondorioz, oso zaila da jendea bat etortzea. Bide Kideri esker, eskaintza guztiak plataforma berean egongo dira, eta errazagoa izango da bidaiak egokitzea.
Bidaiaren gastuak plataformaren bitartez ordaindu ahalko dira, bestalde. Hori oso garrantzitsua izango da, batez ere, ezezagunak elkartzen direnean.
Era berean, ekitaldietarako garraio kolektiboak antolatzeko aukera ematen du Bide Kidek. Ekitaldiaren eta erabiltzaile kopuruaren arabera autobusak aloka daitezke, eta kostua guztien artean ordaindu, hala.
Nola funtzionatzen du?
Interesa dutenek Moveuskadi proiektuaren webgunean erregistratu beharko dute, modu seguruan, datu pertsonalak eta sakeleko telefono zenbakia zehaztuz. Kode bat jasoko dute izena ematen dutenek, eta horrekin ikusi ahalko dute zein den erabiltzaileek ordura arte egindako eskaintzak. Aukerak aztertu, eta gehien interesatzen zaiena aukeratu ahalko dute, eta horrek gonbita bidaliko dio. Gerora, plataformaren bidez ordain daiteke, edota eskura. Ibilbidea ez badago aurrez sortua, erabiltzaileak egin dezake. Beste erabiltzaileei interesatzen bazaie, haien artean
erabakiko dute nork jarriko duen autoa eta nor izango den bidaidea.
Informazio gehiagorako: http://bidekide.moveuskadi.com