Eskualdean grebak ez duela jarraipen masiboa izango uste dute CCOOk eta UGTk

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 13a

Europa osoan zehar milaka herritar kalera irtengo dira bihar CES Europako Sindikatuen Konfederazioak deituta, mobilizazioekin bat egiteko. Euskal Herrian, 
Herrialde Katalanetan, Espainian eta Portugalen mobilizazioez gain, greba orokorrera ere deitu dute CCOO, UGT eta beste hainbat erakundek eta sindikatuk murrizketeak eta eskubide urraketak salatzeko. Euskal Herrian aurtengo hirugarren greba orokorra izango da biharkoa.
Jarraipen txikia 
Irailaren 26ko greba orokorrean ez bezala, eskualdeko gehiengo sindikala osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek ez dituzte herritarrak mobilizatzera deitu, eta horregatik CCOOko eta UGTko eskualdeko ordezkariek aurreikusi dute, Urola Kostan eta, oro har, Gipuzkoan «mobilizazioak ez direla masiboak» izango. «Uste dugu industria sektorean izango duela lanuzteak eragin gehien, enpresa handietan batez ere; merkataritza arloan, berriz, jarraipen txikiagoa izatea espero dugu. Hala ere, interes partidisten gainetik, eskualdeko herritarrak gizarte osoaren eskubideen alde mobilizatzera» animatu nahi dituzte lanuztea deitu duten sindikatuen.
Mobilizatzea «garrantzitsua»
Urola Kostako Hitza-k jaso dituen arabera, orokorrean normaltasuna izango da nagusi bihar eskualdean sektore publikoan; Urola Kostako udaletako zerbitzuek egunero bezala lan egingo dutela jakinarazi baitute.
Dena dela, garraio publiko erabiltzen duten herritarrek antzemango dute greba orokorraren eragina. Izan ere, Bilbo eta Donostia lotzen dituen trenak eta Lurraldebuseko autobusek %30eko gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Erabiltzaileek, autobus eta tren geltokietan izango dute ordutegi berezia ikusgai. 
Politika salatzea helburu
Gipuzkoako UGTko ordezkari Modesto Martinezek mobilizatzera animatu ditu herritarrak. «Grebaren helburua ez da lanuztea egitea, herritarrek Espainiako Gobernua aurrera eramaten ari den murrizketa politika salatu eta horien aurka mobilizatzea baizik. Gizarte osoa ari da eskubideak galtzen, langileak, langabetuak, pentsiodunak eta ikasleak besteak beste. Horregatik denoi dagokigu kalera atera eta geure eskubideen alde borrokatzea, hori egin ezean Espainiako Gobernuak orain arte bezala murrizketak egiten jarraituko baitu».
Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituzte CCOOk eta UGTk manifestazioak, herritarrak denak batera mobilizatu daitezen. Gipuzkoako mobilizazioak Donostian izango dira bihar, 12:00etan eta 18:30ean Alderdi Ederretik aterata. Eskualdean bertan ez da mobilizaziorik izango, baina Azkoitiatik eta Zumaiatik Donostiako manifestaziora auto karabanak irtengo direla jakinarazi dute sindikatuetatik. Auto karabana N-634 errepidean barrena joango da Donostiara; beraz, eskualdeko herri ugari zeharkatuko ditu. Eskualdetik aterako diren auto karabanak Arrasatetik eta Eibarretik irtengo diren beste auto karabanekin elkartuko dira, denak batera Donostiara iristeko.
Aparteko protestak
Europako Sindikatuen Konfederazioak mobilizatzeko egin duen deia onartu eta ESK, CNT eta CGT sindikatuek murrizketen aurka lanuztea babestu eta kalera aterako dira gaur, baina UGTk eta CCOOk egindako deialdiari ez diote babesik eman. Hori dela eta euren protestak iragarri dituzte; ESK-k esaterako 12:00etan Bulebarrean abiatuko dute mobilizazioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide