Bidelagun berriekin hasi du zikloa Ikasberri Kirol Elkarteak

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 13a

Ikasberri Kirol Elkarteak hil honetan bertan hamasei urte bete ditu, 1996ko azaroan sortu baitzuten. Batik bat, futbola, atletismoa eta esku-pilota eta pala lantzen ditu elkarteak, aisialdiko beste kirol ekimenekin batera. Bidelagun eta janzkera berriarekin ziklo berria hasi dutela azaldu dute kirol elkartekoek. «Ikastolak kirola bereziki bultzatzea zehaztu zuen helburuen artean. Kirolak, ondo baliatuz gero, izan ditzakeen baloreak bultzatzea helburu estrategiko bezela hartu zen. Hala, gazteek zituzten eskaerei erantzun eta aisialdi eredu hori eskaintzeko Ikasberri Kirol Elkartea sortu genuen», azaldu du Mikel Arregi kirol elkarteko kideak eta Azpeitiko Ikasberri Ikastolako soinketako irakasleak. Sorreratik kirol aldetik gazteei aukerak ematea eta aisialdian faltan botatzen ziren esparru batzuk betetzea izan du kirol elkarteak: «Aukerak lehen ere bazeuden, eta gaur egun ere asko daude, baina gaztetxoek eskatzen zizkiguten zenbait gauzari tartea egin edota aisialdirako beste esparru batzuei aukera ematen saiatu gara: herri mailako txapelketak, emakumeen parte hartzea... Hutsune horiek betetzeko asmoarekin hasi ginen, eta ez beste inori konpententzia egiteko; sekula ez da izan hori gure asmoa». Gaur egun ere eskaerari erantzuteko asmoarekin funtzionatzen segitzen dutela azaldu du Arregik, «gaztetxoek eta gazteek zer eskatzen duten horri erantzunez». Ikasberri Kirol Elkartea, «herrira zabaldutako proiektu bat» dela adierazi du. Hasieratik, federatu mailan lantzen dituzten arloak dira: futbola, atletismoa eta esku-pilota eta pala. Sorreran kirol elkarteko arropa ateratzeko Ordulari eta Inaxita ileapaindegiaren laguntza jaso zutela azaldu dute. Baina gero elkarteko taldeak gehitzen joan diren heinean, «ate gehiago jo beharra» izan dute. Orain, berriz, ziklo berri batean sartu dira, kirol elkarteko futboleko taldeak lautik zortzi izatera pasatu dira. «Horrek ate gehiago jo beharra ekarri du. Garai zail hauetan asko eskertzen dugu ematen diguten laguntza. Guretzako oso zaila egiten baita ate joka joatea. Hala ere, laguntza handia jasotzen dugu», azaldu du Roman Azkue kirol elkarteko lehendakariak. Eskaerari erantzunez Gaur egun, «lehengo bidetik eta beharrei erantzunez» segitzen du Ikasberri Kirol Elkarteak. Palatan 14 pilotari daude, federatutakoen krosa antolatzen 15. urtea beteko dute, kros mistoa laugarren aldiz antolatu dute, eta neurri handiago batean futboleko taldeak gehitzen ari dira. «Futbolean lau talde izatetik zortzi talde izatera pasatu da elkartea; guztira 160 fitxa ditugu futbolean bakarrik. Aurten 60 fitxa gehiago ditu», azaldu dute. «Futbol taldeak osatzeko deialdia egin eta erantzuna oso handia izan da», gaineratu du Mikel Arregik. Elkartea handitzen ari den heinean, azpiegitura aldetik ere gehiago behar dela gaineratu dute, horregatik koordinazio lanaz Alex Altolagirre arduratuko da eta fisioterapeuta lanak Nerea Aranbarrik egingo ditu. Irudi aldetik ere berrikuntzak badituzte, bereziki futbol talderako irudia estreinatu dute. Iñaki Martinez azpeitiarrak egin du irudia. Aurrera begirako asmoen artean kirol elkartearen web orria sortzea dute. Azpeitiko Udalaren laguntza hasieratik izan dutela azaldu dute eta baita beste enpresa askorena ere. Baina, futbol alorrean laguntzen dituztenak dira: Biele, Ernio sukaldeak, Garoa kafetegia, Leku Eder, Kimu Bat, Sagarmiña eraiketak, Iru burdindegia, Izaro kafetegia eta Aratz labandegia. Hala ere, diru iturri berriak aztertzen ari direla esan dute. Aurreko urteetan bezalaxe, aurten ere bidaia baten zozketa egingo dutela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide