Euriak ez zituzten kikildu Behobia-Donotia lasterketan parte hartu zuten milaka korrikalariak. Urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du lasterketa sonatuan. Bide horretatik, aurten parte hartze marka guztiak gainditu ditu Behobia-Donostiak: denera 21.471 lagun lejiatu ziren igandean. Horietatik 550 korrikalari Urola Kostako herritarrak izan ziren.
Urola Kostako gizonezkoen artean, Zumaiako bizilagun Jokin Redondo Moro izan zen igandeko lasterketan denborarik onena egin zuena; 01:08:35ko denboran helmugaratu zen, eta sailkapen orokorrean 57. postuan sailkatzea lortu zuen.
Emakumezkoei dagokienean, berriz, Getariako Uxoa Irigoien Odriozola izan eskualdeko azkarrena. Getariarra 01:25:14 denboran iritsi zen helmugara, eta emakumezkoen sailkapenean 32. postuan sailkatu zen.
Bestetik, Beñat Eizagirren Urbieta gazte zarauztarrak egindako lana aipagarria da. Promesa mailan 5. postuan sailkatzea lortu baitzuen, 01:11:11 deborarekin.
--------------------------
Elkarrizketa
Zigor Saizar (parte-hartzailea):
"Atzo egin zuen eguraldia, beroa baino askoz hobea da korrika egiteko"
Zigor Saizarrek (1971, Getaria) Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuen atzo beteranoen mailan, eta sailkapen nagusian lehenengo getariarra izan zen. Zarauzko Triatloi Taldeko kidea da, eta bizitako sentipenak izan ditu hizpide.
Zer moduzko giroa izan zen igandean Behobia Donostia lasterketan?
Hasieran, berotzen ari ginenean, euri zaparradak bota zituen, eta bustita eta hoztuta hasi genuen lasterketa. Hala ere, ibilbidean zehar atertu egin zuen, eta helmugara iritsi ginenean hasi ziren berriz euri zaparradak. Egia esan, lasterketan zehar korrika egiteko nahiko eguraldi txukuna egin zuen.
Horrelakoetan zer izaten da hobea, euria egitea ala iaz egin zuen eguraldi beroa egitea?
Jendearen markak ikusi besterik ez da egin behar, aurten egin duen eguraldia beroa baino askoz hobea dela jakiteko. Hotza eta euria egiten duenean, behin korrika hasitakoan giharrak ez dira hainbeste hozten. Iaz beroarekin askoz okerragoa izan zen lasterketa, halakoetan gorputza gehiegi berotzen baita. Gainera, hego haize puntua badago, arnasari buelta ematea ere kosta egiten da.
Lasterketa berezia al da Behobia-Donostia lasterketa?
Berezia da, Espainiako Estatu mailan egiten den beste edozein lasterketetan baino askoz ikusle gehiago izaten delako. Alderatzekotan, New Yorkeko maratoiarekin (AEB) konparatuko nuke. Tamainari dagokionean guztiz desberdina da Donostiako lasterketa, egia da, baina Euskal Herriak dituen biztanleak kontuan hartuz gero, bertan parte-hartzen duen jende kopurua oso handia da. Horretaz gain, ibilbidea ere berezia da, oso aldapatsua delako. Iparraldean hasi eta Donostiako Boulevarrean amaitzea oso polita da.
New Yorkeko maratoia aipatu duzu. Azaroaren 4an bertan parte hartzeko asmoa zenuen zarauztar talde batekin, ezta?
Orain dela bost urte egin nuen New Yorkeko maratoia lehen aldiz. Beti azaroko lehenengo igandean izaten da, eta aurten Santu Guztien Eguneko zubia egokitu zela aprobetxatuz, berriz egitea erabaki nuen. Zarauzko Triatloi Taldeko beste kide batzuk ere animatu ziren, eta duela bi urtetik ari ginen hitzordu hori prestatzen. New Yorkeko maratoian izena emateko lortu behar ziren markak lortu genituen, etaduela urtebete erosi genuen hegazkin txartela. Dena prest genuen, baina urakana gertatu zen eta bertan behera utzi behar izan genuen plana.
Bi urte hori prestatzen aritu ondoren, pena hartuko zenuten, ezta?
Guk hilaren 1ean hartu behar genuen New Yorkerako hegaldia, eta aurreko egunean arratsaldean bildu ginen, joan ala ez erabakitzeko. Orduan oraindik ez genekien maratoia bertan behera geratuko zen ala ez. Bagenekien aireportua itxita egongo zela, eta ez genekien ondo iritsiko ote ginen, eta bertara iristean zer topatuko genuen. Horregatik, ez joatea erabaki genuen. Hasieran sekulako pena eman zigun, baina ostegun gauean jakin genuen maratoia bertan behera geratu zela, eta datorren urterako tokia gordeko zigutela. Gainera, hegaldiaren dirua berreskuratzeko aukera ere badugu. Beraz, urtebete atzeratuko zaigu lasterketa, baina joango gara.
New Yorkeko maratoia bertan behera geratuta, urteko lasterketa egutegia asko aldatu al zaizue?
New Yorkeko maratoiari begira egin dugun prestakuntza aprobetxatuko dugu azaroaren 25ean Donostiako maratoia jokatzeko. Gertatzen dena da, maratoian puntuan izateko egin beharreko entrenamendu luzeekin jarraitu behar dugula beste bi astez. Nire asmoa zen New Yorkeko maratoia egin eta atsedentxo bat hartzea; egiten diren entrenamendu luzeak alde batera uztea, alegia. Berriz burua horretan jartzea da gehiena kostatzen dena. Donostiako maratoia egin ondoren, triatloi denboraldirako prestatzen hasiko gara; hainbeste korrika egin beharrean, bizikletan eta igerian entrenatzen hasiko gara martxoan sasoian izateko.