Enpresa hasi berrientzat bi lokal utziko ditu UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak, Enpresaguneren bitartez. Horiek udal elkartearen egoitzan daude kokatuta eta lehenbiziko bulegoak 15,60 metro koadro ditu, eta bigarrenak, 24,60 metro koadro. Lokal horiek sarrera propioa dute— elkartearen gainontzeko instalazioetatik bereizita—, postontzia, giltza, ate automatikoa, telefono zerbitzua eta Internet. Era berean, lokal bakoitzak Enpresaguneko sarreran errotulua du, enpresaren izena eta logoarekin, identifikatu ahal izateko. Bestalde, erabilera komuneko eremuak ere badituzte, bilera gela eta ikasgela, besteak beste. Horiek UKUEren ordutegi eta lan egutegiaren arabera erabili ahalko dira.
Prezioari dagokionez, tasa honakoa da 2012an—tasa horiek urtero eguneratzen dira, urtarrilean, EAEko urte arteko KPIa aplikatuta—:
- Lehenbiziko urtean, 7,01 euro metro koadroko eta hilean.
- Bigarren urtean, 9,13 euro metro koadroko eta hilean.
-Hirugarren urtean, 11,22 euro metro koadroko eta hilean.
Interesa dutenek abenduaren 11a baino lehen egin beharko dute eskaera. Lokalak eskuratu eta erabiltzeko eskabidea idatziz egin beharko da, udal elkartearen erregistro orokorrean. Besteak beste, burutuko den jardueraren memoria edota egitasmoa eta ekintzaileen curriculum vitaeak gehitu beharko zaizkio idatzi horri.
Informazio osoa eskuratzeko eta zalantzak argitzeko,
www.urolakosta.org webgunea bisita daiteke edota 943-890808 telefono zenbakira deitu.
Enpresa haztegia
Enpresagune enpresa haztegi edo enpresa berrien gune bat da, sustatzaile berriei merkatukoak baina baldintza hobeak eskaintzen dizkienak enpresa (enpresa egitasmo zehatzak edo sortu berri diren enpresak) martxan jarri eta sendotu arte (gehienez hiru urte).
Helburu nagusia da, alde batetik, enpresa txikiak eratzeko egitasmo zehatzei edo sortu berri diren enpresei lantoki egokia eskaintzea eta, beste alde batetik, enpresaren kudeaketaren arloan laguntza zerbitzua eskaintzea, lehiakortasun maila egokia lortu eta kostu finkoak murrizteko.
Lokalak erabiltzeaz gain, bestalako zerbitzuak ere eskura izango dituzte erabiltzaileek: Enpresa Sustapeneko Zerbitzuko tutoreen laguntza, aholkularitza eta informazioa enpresaren kudeaketaren inguruko arloetan (besteak beste, kalitate ziurtagiriei eta lan arriskuen prebentzioari buruzko argibideak, prospekzio datuak lortzeko laguntza eta abar) eta udal ulkarteak enpresa-kudeaketaren arloan antolatzen dituen jardunaldi, ikastaro eta mintegietan doan parte hartzeko aukera.