Asier Gozategi: "Zaila izan da 13 abesti aukeratzea"

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 9a

Ez dira asko 20. urteurrena ospatzera iristen diren musika taldeak, eta hori lortzea lana ondo egiten ari diren seinale da. Gozategi taldea duela hogei urte sortu zen, eta urtemuga ospatzeko ibilbidean zehar erreferente izan diren abestiez osatutako diskoa argitaratu berri dute oriotarrek. Asier Gozategik (Orio, 1972) Gozategi 1992-2012 All Stars diskoa etataula gaineko ibilbidea izan du hizpide Urola Kostako Hitza-rekin. 20 urteko ibilbidea jasotzen duen diskoa taldeari egin diozuen omenaldia al da? Guk gure buruari egin diogun oparia da. Aurten 20 urte bete ditu taldeak, eta mota honetako lan bat egiteko aitzakia polita zela iruditu zitzaigun. Aurreko bost diskoak abesti berriez osatu ditugu, eta bagenuen gogoa gure ibilbidea gogorarazteko disko bat egitekoa. Dena dela, gogotsu gaude, eta aurrerantzean ere abesti berriak sortzen jarraitzeko asmoa dugu. Zer-moduzkoa izan da 20 urtean sortu dituzuen abestiak berriz grabatzeko esperientzia? Polita izan da. Diskoa pasa den larunbatea jarri zen salgai, eta egun hauetan sare sozialetan eta posta elektronikoz jende askok idatzi digu disko berria gustura hartu dutela esanez, jendeari oroitzapen asko ekarri baitizkio. 20 urtean sortu ditugun abestiak badira ere, gure zuzeneko kontzertuetan abesti horiek jotzen jarraitu dugu urte hauetan guztietan. Beraz, ez zaigu arraroa egin disko berri hau grabatzea. Zailena hainbeste abestiren artean gutxi batzuk aukeratzea izan da; azkenean 13 aukeratu ditugu, eta diskoan askotariko erritmoak eta estiloak jasotzen saiatu gara. Abestiak bere horretan grabatu dituzue, ala berrikuntzak nabarituko dituzte entzuleek? Disko hau osatzerako garaian genituen aukerak aztertzean, gutxieneko gastuaekin lehengo diskoetako abestiak hartu eta modifikatzea ere proposatu ziguten. Guk ezetz esan genien. Kontuan hartu behar da duela 20 urteko ahotsak eta gaur egungoak ez direla berak; musika egiterakoan eta grabatzerako garaian urte guzti hauetako esperientzia ere diskoan nabarmendu behar zela uste genuen. Dena dela, egia esan behar badut, abestiak berriz grabatu ditugunean konturatu gara uste baino gutxiago aldatu direla hasierako horietatik. Ainhoak taldea utzi zuenean, abesti batzuen tonoa aldatu egin behar izan genuen, Iñigok eta nik abestu ahal izateko. Hala, horiek tono berrituan grabatu ditugu. Dena den, Ainhoak abestuz eta panderoa joaz kolaboratu du bizpahiru kantutan. Bigarren aldiz grabatuta, abestiak hobetu egiten al dira? Ez dira hobea, desberdinak baizik. Lehenengo diskoetan norberaren izaera asko antzematen da, naturala eta freskoa. Nire ustez lehen urte horietan egiten diren akatsak ez dira akatsak; horiek zuzentzen dituzunean, naturaltasun hori galdu egiten dela iruditzen zait. Izan zen garai bat trikiti taldeek izugarrizko arrakasta izan zutena. Arrakasta horrek jarraitu al du? Lehen diskoa grabatu baino lehen, Ainhoa eta ni Arizterrazun eta inguruko auzo txikietako plazetan trikitixa jotzen hasi ginenean, trikitixa ez zen estimatuegia herritarren artean. Iñigo Goikoetxearekin elkartu ginen —musika mundutik zetorren hura—, eta musika sortzeko ahalmena genuenez, lehen maketa grabatu genuen. Lehen disko horrek eman zigun arrakasta. Gure bigarren diskoko Muxutxue abestiarekin (Nirekin izena du ofizialki), berriz, euskal musika entzungo zenik pentsatu ere egiten ez genuen giroetan, pub-etan eta irrati formuletan trikiti hotsa entzuten hasi zen pixkanaka, eta horrekin euskal musikari ateak ireki zitzaizkion. Gu hori lortu izanaz oso harro gaude. Ondoren etorri ziren Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider eta beste hainbat trikiti talde . Erreferenteak izan zineten, beraz? Disko asko grabatu ditugu, kontzertu ugari eman ditugu, eta Gozategi taldea erreferentea izan da Euskal Herriko musikan trikiti taldeen artean. Niri hasiera hartan egin zizkidaten elkarrizketetan taldearen helburua zein zen galdetzen zidatenean, nik beti  nire ametsa 15 urte geroago ere Gozategik talde izaten jarraitzea zela azaltzen nuen. 20 urte pasa dira, eta bete dugu ametsa. Zein da 20 urtean bizi-bizirik mantentzeko Gozategi taldeak izan duen sekretua? Musika taldea izatearen alderdi onak soilik ikusten ditu jendeak, baina horren atzean esfortzu eta konpromiso handia dago. Gu erromeriaz erromeria ibiltzen gara, festarik festa, baina argi izan behar da lanera joaten garena. Saioa amaitutakoan dena jaso eta etxera joaten gara. Taldeak etorkizun oparoa izatea nahi baduzu, bizi-bizirik mantentzeko, burua bere tokian eta ideiak argi izan behar dira. Gainera, taldeko kideen artean giro ona izatea ezinbestekoa da. Urteak igaro ahala taldeko kideek lehentasunak aldatu egiten dira, eta aldaketa horiei giro onean soilik egin dakieke aurre. 20 urte hauetan trikiti musikak gainbehera izan al du? Urte batzuetan trikiti taldeek indar handia hartu zuten. Egia da hori. Nik ez dut uste boom hori amaitu denik; trikitixa musika-tresna moduan garai berrietara egokitu dela uste dut. Orain talde askotan musika tresna osagarri bat da trikitixa; talde asko daude trikitixarekin rocka, reaggea, popa edo musika elektronikoa egiten dutenak. Zuen musika ere garai berrietara moldatu al da? Garai berrietara moldatu beharra dago, estilo jakin bat jo arren, gizartea aldatzen ari delako, eta musika taldeok ere horrekin batera eboluzionatu behar dugulako. Abesti guztiak berriz grabatzearen arrazoietako bat hori izan  da. 2010ean Joseba Apariciok eta Iñigo Peronak tronboia eta tronpeta sartu zituztenean taldean onerako aldaketa izan zen, eta oso gustura gaude. Zuen musikak eboluzionatu duen bezala, Gozategi zaleek plazan kontzertuetan duten jarrera aldatu egin al da? Askotan galdetzen digute plazetan jende gutxiago biltzen den antzematen dugun. Guk, zorionez, ez dugu horrelakorik bizi izan. Jotzen dugun plazetan jendetza biltzen da. Gainera, bada zerbait jotzen hasi ginenetik aldatu ez dena: gu adinean aurrera bagoaz ere, kontzertuetan eszenatokiaren aurreko aldean 16-25 urte bitarteko gazteak jartzen dira beti, eta gainontzekoak atzekaldean izaten dira. Dantzan ere, lehen bezain beste ibiltzen da jendea gure kontzertuetan, eta horretaz oso harro gaude. -------------------- DISKOA Gozategi 1992-2012 All Stars’ diskoa. -Edukia: Gozategi taldearen 20 urteko ibilbidea jasotzen duten hamahiru abesti. -Taldekideak: Asier Gozategi, Iñigo Goikoetxea, Imanol Goikoetxea, David Gorospe, Joseba Aparicio eta Iñigo Perona. -Argitaletxea: Elkar. -Salneurria: 15,95 euro

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide