Jaurlaritzaren arabera, Xabier Munibeko proiektua «onartuta» dago

Urola Kostako Hitza 2012ko azaroaren 8a

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Gurasoen Batzorde Bateratua berriro hasi da lanean, uda bitartean etenaldia egon ondoren, eta ikastolako eraikin berria eraikitzeko proiektua aurrera eramateko arituko dira beste urte batez. Proiektuaren egoera zein den jakiteko azken bi hilabeteetan informazioa bildu dutela adierazi du batzordeak, eta jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dagoeneko onartu duela eraikin berria egiteko egitasmoa. Proiektuaren lizitazioa martxan jartzeko espedientea ere irekita dagoela jakinarazi diote batzordeari; hori hala izanik, «legeak ezarritako epeak betetzen badira», hurrengo urteko uztailerako eraikina egiteko obrak esleituko dituztelakoan dira. Gurasoen Batzorde Bateratuaren arabera, taldeak Hezkuntza Saileko sailburuordea den Marisol Estebanekin «harreman zuzena» izan dute, joan zen maiatzean Pello Bastarrika Azkoitiko alkatearekin, Esther Lizarralde alkateordearekin eta Hezkuntza Saileko ordezkariekin Gasteizen egindako bileraz geroztik. Hezkuntza Sailak 7.487.822 euroko gastuak aurreikusi ditu proiektu osoa aurrera eramateko; 2013rako 300.000 euroko kostua aurreikusi dute; 2014rako 2.900.000 euro, eta 2015erako 4.287.822 euro. Egungo eraikina bertako ikasle guztientzako «txikiegi» geratu denez, DBHko bigarren eta hirugarren mailako ikasleek Urola Institutuko eraikin bateko sotoetan jasotzen dituzte eskolak; halaber, hurrengo urterako beste maila bat institutuko beste eraikin bateko sotoetara joango dela aurreikusi dute, eta horretarako hainbat gela egokituko dituzte. Egokitzapen lan horietarako DBHko zuzendaritzak eta gurasoek eskatu dute ikasle eta irakasleen «argitasuna bermatzeko» eta [...]

Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako Gurasoen Batzorde Bateratua berriro hasi da lanean, uda bitartean etenaldia egon ondoren, eta ikastolako eraikin berria eraikitzeko proiektua aurrera eramateko arituko dira beste urte batez. Proiektuaren egoera zein den jakiteko azken bi hilabeteetan informazioa bildu dutela adierazi du batzordeak, eta jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak dagoeneko onartu duela eraikin berria egiteko egitasmoa. Proiektuaren lizitazioa martxan jartzeko espedientea ere irekita dagoela jakinarazi diote batzordeari; hori hala izanik, «legeak ezarritako epeak betetzen badira», hurrengo urteko uztailerako eraikina egiteko obrak esleituko dituztelakoan dira.

Gurasoen Batzorde Bateratuaren arabera, taldeak Hezkuntza Saileko sailburuordea den Marisol Estebanekin «harreman zuzena» izan dute, joan zen maiatzean Pello Bastarrika Azkoitiko alkatearekin, Esther Lizarralde alkateordearekin eta Hezkuntza Saileko ordezkariekin Gasteizen egindako bileraz geroztik.

Hezkuntza Sailak 7.487.822 euroko gastuak aurreikusi ditu proiektu osoa aurrera eramateko; 2013rako 300.000 euroko kostua aurreikusi dute; 2014rako 2.900.000 euro, eta 2015erako 4.287.822 euro.

Egungo eraikina bertako ikasle guztientzako «txikiegi» geratu denez, DBHko bigarren eta hirugarren mailako ikasleek Urola Institutuko eraikin bateko sotoetan jasotzen dituzte eskolak; halaber, hurrengo urterako beste maila bat institutuko beste eraikin bateko sotoetara joango dela aurreikusi dute, eta horretarako hainbat gela egokituko dituzte. Egokitzapen lan horietarako DBHko zuzendaritzak eta gurasoek eskatu dute ikasle eta irakasleen «argitasuna bermatzeko» eta «hezetasuna saihesteko» Hezkuntza Sailak neurriak har ditzala, eta batzordeak jakinarazi du Hezkuntza Sailak esan diela teknikoek «aintzat» hartuko dituztela eskariok. Lanak joan zen abuztuan hasi ziren, eta 2013ko urtarrilerako amaituta izatea espero dute.

Hezkuntza Sailak emandako informazio horren guztiaren aurrean, ordea, «zuhur» da Gurasoen Batzorde Bateratua. Izan ere, hainbat faktorek aurreikusitako proiektuan «zuzen zuzenean eragiteko arriskua» dutela adierazi dute; hala nola, krisi ekonomikoak eta Eusko Jaurlaritzaren osaketa berriak. «Aspaldiko proiektua da hau, atzeratzen joan dena. Beldur gara zer gertatuko den, eta halaxe egongo gara lanak hasi bitartean».

Ikastolako Gurasoen Batzorde Bateratuak eta zuzendaritzak azken urteetan gogor aldarrikatu dute eraikin berriaren beharra, ikasle kopuruaren gorakadaren aurrean. Eusko Jaurlaritzak eraikin berria 2014-2015 ikasturterako osatuko dutela jakinarazi zuen duela hilabete batzuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide