Igande goizean pistako txirrindularitzako Neguko Sariari hasiera emango dio Jira Bira Trak taldeak. Aurtengoan, gainera, berrikuntzaz ugarirekin dator taldea. Alde batetik, taldearen izaera definitu dute. Bestetik, Hyundai Oarso Car izango dute babesle berria, eta, gainera, lehen aldiz emakumezkoen taldea sortu dute.
Taldearen zuzendari tekniko Ismael Etxarrik azaldu duenez, «indarrez eta ilusioz» beteta hasiko dute igandean denboraldia. «Ilusioa izatea oso garrantzitsua da pistako txirrindularitzan, pistak ez duelako errepideko txirrindularitzak duen oihartzuna. Hori dela eta, garrantzitsua izaten da txirrindulariek proiektuarekiko ilusioa eta konpromisoa izatea».
Izaera gipuzkoarra
Iaz Jira Bira Tracen gizonezko taldea oso indartsu aritu zen denboraldian zehar, eta aurten hainbat aldaketa egin dute pistako txirrindularitzan goi mailan jarraitzeko. «Iaz bi txirrindulari kataluniar izan genituen taldean, baina aurrerantzean taldeak izaera gipuzkoarra izatearen aldeko apustu garbia egin nahi izan dugu. Horrekin Gipuzkoan pistako txirrindularitza berreskuratu nahi dugu. Espainia mailan Gipuzkoako pistako txirrindulariak erreferenteak izan dira, eta azken urteetan maila zertxobait galdu denez, hori berreskuratu nahi dugu», adierazi du.
Hyundai Oarso Car-eko gizonezkoen taldeko txirrindulari nagusi Unai Iparragirre azpeitiarra gustura eta baikor agertu da denboraldi berriarekin. «Talde polita sortu dugu, eta uste dut sorpresaren bat edo beste eman dezakegula. Proiektu berria oso interesgarria iruditzen zait gainera, Gipuzkoan pistako txirrindularitza bultzatzeko balioko baitu».
Azpeitiarraren iritziz pistako txirrindularitzak «behar du bultzadatxo bat», errepideko txirrindularitzarekin alderatuta ezezaguna delako. «Nik neuk pistako eta errepideko txirrindularitza egiten ditut, eta uste dut guztiz bateragarriak direla. Txirrindulari gazteak biak probatzera animatu nahi ditut».
Emakumezkoen taldea
Lehenengo aldiz emakumezkoen taldea ere sortu du Jira Bira Trac txirrindularitza taldeak. «Uste dut emakumezkoen taldeak emaitza oso onak lortu ditzakeela denboraldian. Iaz Espainiako Txapelketan bi domina lortu zituen Irene Usabiagak, eta proiekzio handiko txirrindulari da. Baita Eider Unanue zumaiar gaztea eta Nahia Dominguez jubenila ere. Harekin batera lehiatuko dira», azaldu du Etxarrik.
Hyundai Oarso Car taldeko zuzendari teknikoaren iritziz, zera hartu behar da kontuan: «Normalean gizonezkoek errepideko txirrindularitzaren aldeko apustua egiten dute, eta emakumezkoak pista nahiago izaten dute. Hori dela eta, Gipuzkoan pistako txirrindularitzan aritzen diren emakumezko oso txirrindulari onak ditugu», azaldu du. Horietako bat da Eider Unanue zumaiarra. «Oso gustura gaude proiektu berriarekin eta Usabiaga moduko txirrindularia lagun izateak hobetzen lagunduko digula uste dugu», azaldu du zumaiarrak.
----------------------------------
Jira Bira Trac
Pistako txirrindularitza denboraldia
-2012ko azarotik 2013ko urtarrilaren amaierara. Gipuzkoako Neguko Saria jokatuko dute.
-2013ko otsailean zehar. Tafallako Txapelketa eta Bordeleko (Frantzia) belodromoan hainbat froga jokatuko dituzte.
-2013ko otsailetik maiatzera bitartean. Espainiako Kopan parte hartzeko asmoa dute.
Horren baitan, Espainiako hainbat hiritan jokatuko dituzte frogak.
-2013ko irailean. Euskadiko Txapelketa jokatuko dute, eta hor txirrindulariek lortzen dituzten emaitzen arabera, Euskadiko selekzioan parte hartzeko aukera izango dute.
-2013ko irailean eta urrian. Euskadiko selekzioetan parte hartzeko aukeratuak diren txirrindualriek Espainiako Txapelketa jokatuko dute.