Punta-puntako musikaria da Carlos Casado (Valentzia, 1967). Espainiako Orkestra Nazionaleko kidea da, eta hainbat ekimenetan hartzen du parte munduan zehar. Hala ere, inoiz ez du galdu Zumaiako XI. Klarinete Maratoian parte hartzeko aukera. Ekimena abiatu zutenetik, duela zortzi urtetatik, bere agenda betean tartea egin, eta kostako herrira etortzen da, klarinete eskolak ematera.
Atzo gauean zen herrira iristekoa, eta gaur goizeko 09:00etan ekin dio ikastaroei. Igandera arte egongo da Zumaian.
Aurten ere Zumaiako XI. Klarinete Maratoian hartuko duzu parte, eskolak ematen. Zein izango da aurtengo ikastaroan erabiliko duzun teknika?
Parte-hartzaileen beharren araberako teknikak erabiliko ditut eskoletan. Batez ere, klarinetea erabiltzen trebatzea izango da helburua. Horretarako, ahoa eta behatzak musika tresnan nola kokatu, gorputzaren jarrera, arnasa hartzeko modua eta halako ezaugarriak landuko ditugu. Oinarrizko teknikak irakatsiko ditut, batik bat. Aurreko urtetan, Cos-Art eta Alexander bezalako teknikak erabili izan ditugu eskoletan. Ez dira soilik klarinetea jotzen ikasteko erabiltzen, bestelako musika tresnetarako ere baliagarriak dira. Teknika horiek batez ere gorputza nola kokatu ikasteko baliatzen ditugu. Izan ere, musika tresna ez da gure parte, eta gure gorputzarekin nola bat egin ikasi beharra dago, beste atal bat balitz bezala .
Taldekako ikastaroak ere izango direnez, parte-hartzaileek modu indibidualean ikasitakoa beste musikariekin partekatzen ikasiko dute, eta hori oso onuragarria izango da haientzat. Eskualdeko haur ugari etortzen da, asko irakasleekin. Hori ere oso baliagarria da, ondorioak atera eta haiek eta nik irakasten duguna berresteko.
Musikari profesionalek zein zaletuek hartzen dute parte zure ikastaroan. Zein da horren helburua?
Helburu nagusia jendeari klarinetea erabiltzen irakastea da, modu naturalean, inongo exijentziarik gabe. Alor teknikoa ahaztu gabe, ikasleek musikarekin gozatu eta klarinetearen laguntzarekin trasmititzen ikastea da nire asmoa. Eta puntu horretan oso garrantzitsua da, zaletuentzat bereziki, musika tresna horrekin izango dute lehen harremana. Horren arabera jarraituko du klarinetea jotzen ikasten.
Zumaiako Udal Musika Bandak ekimena abiatu zuenetik, urtero-urtero hartu duzu parte klarinete maratoian. Zein lotura duzu Zumaiarekin?
Ikasle garaian ezagutu nuen Marixi Sesma klarinete maratoiko koordinatzailea eta musika bandako kidea, baita bandako zuzendari Mikel Emezabal ere. Klarinete maratoia antolatu zutenean deitu egin zidaten, parte hartu nezakeen galdetzeko. Ez nuen dudarik izan, eta urtero etortzen naiz.
Urtez urte arrakasta izaten du klarinete maratoiak. Jende ugarik hartzen du parte.
Hala da, bai. Nik uste dut ekimena egonkortu egin dela abiatu zutenetik; hasieran lausoagoa zen, normala den bezala. Ikastaroak eskaintzeaz gain, bestelako jardunaldiak ere izaten dira, kontzertuak, esaterako. Batzuk ludikoak dira, eta besteak serioagoak. Horrek profesionalak zein zaletuak biltzen ditu. Saio serioen artean, aurten Wolfgang Amadeus Mozarten obra bat interpretatuko dugu hamahiru jotzailek, gehienak airezko tresnekin. Horrez gain, Klarinete Laukoteen Lehiaketa ere izango da gaztetxoentzat.
Zentzu horretan, klarineterako zaletasun handia al dago Urola Kostan?
Bai, oro har, nahiko musika tresna arrakastatsua da. Urtero ikastaroan 40-50 ikasle inguru izaten ditut. Egia esan, klarinetea bestelako musika tresnekin bateratzea oso erraza da. Ez soilik sinfonikoekin; musika herrikoirako tresna ezinbestekoa da. Musika banda batean, esaterako, inoiz ez dago soberan; zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto.