Agiro Mendi Taldeak eta Zestoako Udalak Mendi Astea antolatu dute beste urte batez. Datorren asteartean, azaroaren 13an, hasiko da ekimena, eta igandera bitartean bideo emanaldiak, hitzaldiak eta mendi irteerak egingo dituzte.
Datorren asteartean Inaxio Aizpuruk aurten Perura egin duen bidaia kontatuko du, bertako argazkiekin uztartuta. Hurrengo egunean, berriz, Koldo Ruiz mendizalearen txanda izango da; Errusian eta Iranen izandako bizipenak azalduko ditu Ruizek. Eskiekin hainbat zeharkaldi egin ditu honek; hala nola, 5.642 metrotara dagoen Elbrus Errusiako mendira joandako bideo emanaldia eskainiko dute; ondoren, Damavand Irango mendira egindako irteera plazaratuko du herritarren aurrean. Aizpururen eta Ruizen hitzaldiak eta film emanaldiak 20:00etan izango dira, kultur etxen.
Asteburuan, mendi bueltak
Asteburuan jarraituko dute ekitaldiek; hilaren 17an, larunbatean, BTT irteera egingo dute, eta goizean zehar Zestoatik Alkizara joango dira, eta handik herrira itzuliko dira ondoren. 42 kilometrotako ibilbidea izango da. Bertara joango direnak 09:00etan elkartuko dira, gurutzean.
Hilaren 18an, berriz, umeentzako goiz irteera prestatu dute antolatzaileek; Zestoako Ertxiña mendiari itzulia emango diote haurrek; horiek 09:30ean abiatuko dira mendira, gurutzetik, eta eguerdirako etxean izango dira.
