Zaragueta Herri Eskolak Musika Hezkuntza Goiztiarra ikastaroa antolatu du 2010, 2011 eta 2012an jaio diren haurrei eta horien gurasoei zuzendua. Ikastaroa Azkoitiko Bizkargi Udal Musika Eskolako piano eta musika hezkuntza goiztiarreko irakasle Nerea Goikoetxeak emango du azarotik ekainera bitartean.
Larunbat goizetan ordu betez izango da ikastaroa eta Zaraguera Herri Eskolatik jakinarazi dutenez, talde bakoitzean gehienez 10 haurrek parte hartuko dute. Ikastaroaren hileko kuota 20 eurokoa izango da.
Haurrentzat onurak
Musika Hezkuntza Goiztiarra ikastaroan alderdi ludikoa, terapeutikoa eta emozionala landuko dituzte haurrek eta gurasoek. Abestien bitartez umeak kontzeptuak ikasten hasiko dira. Alde terapeutikoari dagokionean, berriz, psikomotrizidadea landuko dute, eta erritmo ariketak egingo dituzte. Arlo emozionalari dagokionean sentimenduak eta emozioak ezagutuko dituzte umeek. Ikastaroan haurrek eta gurasoek, egunerokotik kanpo, elkar gozatu eta une atsegina pasatzeko aukera izango dute.
Ikastaroan izena eman nahi dutenek, azaroaren 10a baino lehen Zaragueta Eskolan bertan edo 943-894052 telefonora hots eginda izango dute horretarako aukera.