Aizarnazabalen 2013ko ordenantza fiskalak ditu udalak, eta tasa eta zerga gehienak mantendu egingo dituzte hurrengo urtean; «herriko egoera ekonomikoa kontutan hartu dugu ordenantza fiskalak osatzerako garaian. Langabezia tasak ikusita, defizitarioak ez diren zerbitzuek ez dute igoerarik izango», adierazi du Alvaro Villarrek, Aizarnazabalgo alkateak. Hori hala, uraren tasak berdin jarraituko du, besteak beste, baita gainontzeko zerbitzu gehienek ere. Zaborraren gaineko tasari dagokionez, ordea, aldaketa izango da 2013an; Aizarnazabalgo Udalak «birziklapena» sustatu nahi du, eta horregatik, autokonposta egiten ez dutenei %20 igoko diete zaborraren gaineko tasa; sistema hori erabiltzen dutenek, berriz, ez dute igoerarik izango.
Halaber, etxebizitza hutsei errekargua ezarriko diete; Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako foru arauari jarraituz, etxebizitza horiek %50eko tasa berezia ordaindu beharko dute. «Igoera honen helburua da etxebizitzen merkatua mugiaraztea eta alokairuen sistema bultzatzea», adierazi du alkateak. Honek argitu du Udalak «gutxiengo gainordaina» ezarriko duela 2013an, tasa berria martxan izango den «lehenengo urtea» izango delako. Horretarako, Aizarnazabaleko etxebizitzen errolda hartuko dute kontutan.
Hilerriko tasak, gora
Hilerriaren gaineko tasa igo egingo dute, zerbitzu hori ere «defizitarioa» delako; hala, bertako zerbitzuen artean tasa desberdinak daudela gogoratu du Villarrek, eta guztietan hamar euro igoko dituzte. Beraz, horma-hilobia hamar urtez erabiltzeagatik 220 euro ordainduko dute; hezurtegia hamarkada batez erabiltzeak, berriz, 170 euro kostatuko du, eta gorpuak ateratzeko zerbitzuak 130 euro.
Oro har, Aizarnazabalgo Udala osatzen duten Bilduko sei zinegotzien eta EAJko zinegotziaren «adostasunekin» onartu dituzte ordenantza fiskalak. EAJk zaborraren gaineko tasaren aurka azaldu da, baina gainontzean aho batez onartu dituzte.