Etxean, kaxoi batean, poema ugari ditu gordeta Arantxa Aldalurrek (Azkoitia, 1963). Horietako batzuk bildu, aurrez kaleratu eta saritutako hiru lan— Itsas oihartzunetan oro malenkonia, Hainbat gau izarrik gabe! eta Hasperen gisa—egokitu eta poema liburua osatu du Zarautzen bizi den azkoitiarrak: Amodio eta desamodio poemak. «Orain lasaiago sentitzen naiz. Poema horiek kaleratuta barrua askatu dut, eta aurrerantzean beste gauzak egin ahalko ditut».
Etxeko kaxoian gordeta zenituen poemei hautsa kendu eta liburu batean bildu dituzu. Zuk zeuk editatu duzu, gainera.
Neure buruari oparitxoa egitea erabaki dut, bai. Izan ere, hain zaila argitaratzea… Euskaraz eta poesia, are gehiago. Hori dela eta, inoren zain egon gabe, nire kabuz kaleratzea erabaki dut. Pena da argitaletxe bat ez izateagatik lan horiek kaxoi batean uztea. Eta oraingoz oso gustura nago, 50 aleko tirada atera dut, eta dagoeneko hogei inguru kateatu ditut.
Zuk zeuk salduko dituzu, ezta?
Bai, hala idazle-irakurle harremana zuzena izango da. Bide batez, horrek kontrola eramateko balioko dit. Guztien izenak zerrendatuta ditut, eta hala, haien iritzia jakin dezaket. Gainera, erosle bakoitzari propio sinatuz eskaintzen diot liburua. Pertsona guztiak ezberdinak gara, eta sentitzen dudana idazten diet. Niretzat hori beste poema bat da; erronka borobilagoa da kasik liburua sinatzea idaztea baino.
Aurrez kaleratutako hiru lan gehitu dizkiezu maitasun poemei. Zergatik?
Hiru atal ditu liburuak, eta lehenbizikoan aurrez kaleratutako hiru lan bildu ditut, berme moduan edo. Izan ere, hainbat sari eskuratu dut horiei esker. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiko lehen saria jaso zuen Itsas oihartzunetan oro malenkonia, Euskaltzaindiak eta BBK-k saritutako Hainbat gau izarrik gabe! eta Hasperen gisa, Lasarte-Oriako Udalaren poesia sarituak osatzen dute lehen atal hori.
Horiek Euskaltzaindiaren egungo arauetara eta egungo etika pertsonalera egokitu ditut. Izan ere, lehenbizikoa 18 urterekin idatzi nuen, eta ordutik gauzak asko aldatu dira, hizkuntza aldetik, baita neure buruan ere. Garai hartan pentsatzen nuena eta egun buruan dudana agian ez da gauza bera, eta horregatik txukundu behar izan ditut zati batzuk.
Beste bi atalak, Eta itzuliko naiz eta Maite zaitudalako, nire bikotean pentsatuta sortutako eta hari eskainitako poema sortek osatzen dute.
Poema batzuk argitaratu dituzu orain, baina beste hainbeste dituzu gordeta.
Egia esan, nik ez dut niretzat idazten, nik egiten dudan guztia kanpora begira egiten dut; halakoa da nire izaera. Nik barruan zer dudan ezagutzen dut, eta barrua hustu beharra izaten dut batzutan. Ateratzen ez dudana pisua bihurtzen baita niretzat, eta liburu hau kaleratzerakin batera, sekulako liberazioa sentitu dut. Amodio eta desamodio poemak lanarekin zer gertatzen den ikusiko dut, eta horren arabera pentsatuko dut zer egin gainontzeko poemekin.
Pilatutakoak kaleratu bai, baina bitartean sortzen jarraituko duzu, ezta?
Bai, segitzen dut sortzen, eta jarraituko dut. Iaz sortu nuen azken lana. Ilunetik argira du izena, eta duela urte batzuk pasatu nuen momentu zail batean dago oinarrituta. Oso pertsonala da, intimista, baina aldi berean positiboa, kanporatzen duzunean, batez ere. Terapia modukoa da. Baina, batik bat, gauzak edertzea da nire helburua. Asko gustatzen zait hizkuntzarekin jolastea, hitz jokoak, baliabide metaforikoak, poesiei musika jartzea…Halako pasarteei ukitu positiboa ematea, finean.
Idaztean, poemekin behinik behin, ez naiz oso konstantea. Agian bolada batean uneoro inguruan duzunaz jabetzen ari zara, bizipen ugari dituzu, eta gertatzen ari den unean ezin duzu idatzi. Gerora, pausatzen denean eta sosegua aurkitzen duzunean, ateratzen da oso azkar. Normalean gauean idazten dut, lasai-lasai nagoenean.
Poesiaz gain, bestelakorik idatzi al duzu?
Bai, badaukat ipuintxo bat idatzita. Hasieran pentsatu nuen eleberriren bat egitea, baina oraingoz ez dut ezer egin horrekin. Hala ere, ez da oso ohikoa hori; poesiara jotzen dut beti, sintetizatzeko joera dut. Poema txiki batek, nahiz eta bi esaldi edota hiru hitz erabili, eduki handia izan dezake.
Beti poesia, eta beti euskaraz.
Bai, beti. Txikitan mojetan ikasi nuen, eta hortaz literaturarekin lehen kontaktua erdaraz izan nuen. Nire lankide batzuk gordeta dituzte nire gaztelaniazko poemak; azterketaren bat gainditzen ez zutenean eta halako disgusturen bat izaten zutenean, nik poematxoren bat idazten nien, animatzeko. Gaur, ordea, ezinezkoa zait gaztelaniaz poemak idaztea, ez zait ateratzen. Euskara da nire hizkuntza eta tresna, eta poemak barru-barrutik ateratzen zaizkidanez, ezin ditut beste hizkuntza batean idatzi. Nire mundu afektibo horren sustraia euskaraz dago.
Institutuan nenbilenean hasi nintzen euskaraz idazten. Ostiralero Iñaki Azkunek hainbat liburu ekartzen zuen, eta orduan hasi nintzen sortzen. Hein handi batean hari zor diot zaletasuna. Nire ibilbidean berarekin topo egin ez banu, agian orain ez nuke idazten jardungo.
