Pasa den ostiralean, hilaren 2an, Urola Kostako Hitzak Zarauzko Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuko zela argitaratu zuen, gaizki ulertu bat medio. Izan ere, Ueman sartzeko eskaera egitea onartu zuen Udalbatzak. Azaroaren 9an egingo du Uemako zuzendaritzak bilkura eta Zarautz bazkide izateko eskaera egingo da bertan. Uemako bazkide izango dela erabakitzen badute, estatutuen araberako ordezkari kopurua izendatuko dute, «alderdien arteko proportzionaltasuna zainduz» . Kuotari dagokionez, gehienera biztanleko euro bat ordainduko da mankomunitate horretako kide izateagatik; guztira, 22.583 euro izango lirateke. Bestalde, ez zen mozio bidez proposatu Ueman sartzeko eskaera; urriko plenoko aztergaietako bat zen. Udalbatzak gehiengoz onartu zuen.