«Etxebizitza izatea eskubide bat da, lehen mailako beharra. Bigarren etxebizitza bat edukitzea, berriz, luxua», dio Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek (Bildu). «Luxua» den neurrian, etxe horiegatik gehiago ordaintzea proposatu zuen udal gobernuak herenegungo udalbatzarrean. Hala, etxe hutsei Ondasun Higiezinen Zerga bikoiztea erabaki zuten, gehiengoz. Ildo horretatik, %100eko igoera izango du, 2013ko ordenantza fiskalak behin betikoz onartzen badituzte. Erabaki horren helburua erabilpenik ez duten etxe hutsak merkatura ateratzea da, alokairua sustatuz.
Bi dira salbuespenak: etxebizitza jarduera ekonomikoren baterako baliatzen bada (dentista klinika bada, esaterako) edo urtean zehar hamar hilabetez alokatzen bada, ez diote gainordaina kobratuko.
EAJko Imanol Lasa ez zen ados agertu proposamenarekin. «Etxe hutsak merkatura ateratzearen alde gaude, baina parametroak ongi finkatu behar dira”. Eta PSE-EE abstenitu egin zen. «Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga hori etxe hutsei %150 arte igotzea proposatu du. Gu ados gaude tramoka ordainaraztearekin; jendeari bat-bateko susto hori ematea ez dugu egoki ikusten», adierazi zuen Patxi Elolak.
