Krisiak bere hatzaparretan harrapatu du Bat Jauregi politikari ohia. Laguntza eske joan da ezagutzen zituen boteretsuengana, bankuetxengana eta bere alderdiko kideengana, baina denek ateak itxi dizkiote. Ondorioz, etxea galdu du eta kale gorrian dago. Dena dela, ez dago geldirik egoteko prest. Elkarretaratze edo kanpaldi batekin aldarrikatu beharrean, deialdi berezi bat egingo du. Hori da Patxi Santamariak Putzuzulo Amets Fabrikan antzeztuko duen Aktibo toxikoa lanaren abiapuntua; emanaldia bihar izango da, 22:30etik aurrera, gaztetxearen urteurreneko ospakizunen baitan.
«Bere kexa eta amorrua agertzeko halako ikuskizun kurioso bat sortuko du, feriante moduko show bat, iruzur hutsa dena», aurkeztu du aktore zarauztarrak: «Bere istorioa zein den kontatuko du, eta, besteak beste, krisia bera, erretiro potente horiek nahiz banketxeak kritikatuko ditu. Engainatu eta manipulatu egingo gaitu neurri batean, egoera horretara iristeko. Izan ere, hasieran zirudiena bestelakoa izango da antzezlanaren bukaeran».
Azken egitaldian, kontakizuneko protagonistak deialdiaren zegatia argituko. «Nolabait esateko, azken momentuan pistola bat aterako du eta badirudi bere buruaz beste egin behar duela, Grezian edo Tunisian egin duten antzera. Baina, hor ere ezustekoa emango du».
«Satira politikoa»
Aktibo toxikoa ordubete inguruko bakarrizketa komikoa da, eta bere baitan «egoera lazgarri hau» islatzen du, ahalik eta modu dibertigarrienean. Ikuskizunak klowna, dantza, mimoa eta teatro absurdua bezalako diziplinak nahasten ditu. «Inazio Tolosa zuzendariak satira gisa deskribitzen du. Izan ere, sistema honi egur pixka bat ematen diogu, arrisku saria, aktibo toxikoa eta gaur egun puri-purian dauden termino horiek guztiak erabiliz».
Aktibo toxikoa «aitzakia bat» izan da krisialdi egoerari erantzuteko. «Zer egin dezake bada aktore batek egoera nazkagarri honetan? Bada, antzerkia egin. Jendea dibertitu, hausnarketarako bide eman eta, nola ez, barruan daukadan amorru guztia kaleratu». Azken finean, «aktiboak izan behar dugula helarazi nahi dugu, baina ez aktibo toxikoak, aktibo aktiboak baizik».
Antzezlanak ikuslearekin hartu-emana bilatzen du; haiekin jolastu nahi du «modu oso atseginean». Publikoaren laguntzarekin, lapurreta bat irudikatuko dute eta politikariei harrikatzea. Santamariaren esanetan, «halako nahaste-borraste bat egiten dugu, jendea leku askotara eramanez». Era berean, Txirritaren bertso bat tartekatu dute kontakizunean, «lapur handienak kalean geratzen» direla dioena.
Bederen 1 antzerki taldearen babesean ekoitzi dute bakarrizketa. Patxi Santamariak antzeztu eta Inazio Tolosak zuzentzen badute ere, Alproja taldeko kide Mikel Elorzak idatzi du kontakizuna. Horretaz gain, beste alprojakide baten laguntza izan dute dantzako zatietan; Mikel Erguin koreografoarena, alegia. «Oso gustura geratu gara egindako lanarekin», aitortu du aktoreak.
Kaleko formatuan
Datorren neguan estreinatzeko asmoa zuten, baina ekoizpena aurreratu eta joan den uztailean aurkeztu zuten Zarauzko Kalerki Kale Antzerki Topaketetan. Hasieran, ordea, ez zuen kale antzerkia izateko asmorik. Hala ere, «prestatzen joan ahala, kalerako ere balio zuela ikusi genuen. Hori horrela, Kalerkikoekin harremanetan jarri ginen, eta jaialdirako egokitu genuen». Bihar, berriz, Putzuzulo gaztetxean eskainiko dute emanaldia, eta espazio estali batean izango den arren, kale antzerki formatuan eskainiko dute antzezlana. «Euskal Herrian eguraldiak ez du asko laguntzen urte sasoi honetan kalean antzezteko. Baina bertsio honek espazio itxi zabaletarako balio du, direla frontoiak direla gaztetxeak». Aurrera begira, aretoetarako moldatzeko asmoa dute, egokitzapen txiki batzuk eginda.
Kalerkin estreinatu zutenean, harrera ona izan zutela gogoratu du Santamariak: «Jende asko hurbildu zen eta giro ona izan genuen». Gaztetxeko kide batzuk ere emanaldia ikusi zuten, eta asko gustatu zitzaienez, Putzuzuloren urteurreneko ospakizunetarako gonbidatu zuten. Egun seinalatua iritsita, aktore zarauztarra ilusioz beterik dago: «Obra baten estreinaldira ez zara %100ean iristen. Hamabost saio inguru behar izaten dituzu erabat gorpuzteko. Udan ez dugu emanaldi gehiegirik izan, baina entsegutan osatu dugu sakontze prozesu hori, gidoiko nahiz antzezlaneko zatiak zorroztuz. Beraz, orain, puntu egokian dagoela esango nuke, indarrak ongi orekatuta» .
