Azkoitiko Udalak 2013ko udal zergen eta tasen ordenantza fiskalak onartu ditu. Ordenantzek «ekitatea, progresibitatea eta birbanaketa» printzipioak izango dituzte oinarri, Urrategi Larrañaga Bilduko zinegotziak adierazi duenez. «Garai zailak dira, eta lehentasunak jartzea ezinbestekoa da». Hala, udal tasak eta zergak osatzeko «gutxien duten herritarren eskubideak bermatzea» izan dute lehentasuna. Tasa eta zerga gehienek %2,4ko igoera izango dute, urte amaieran KPI %3,3koa izatea aurreikusten duten arren. Halaber, «udalaren diru-sarrerak bermatzea» dute helburu ordenantzek. «Hondasunen birbanaketa egiteko ezinbestekoa da zerbitzu publiko sendoa eta indartua izatea», dio Larrañagak.
Hainbat aldaketa egin du udalak hurrengo urteko ordenantza fiskaletan. Esanguratsuenetarikoa hilerriaren ingurukoa da. Orain arte herritarrek ordaintzen zuten tasa —erroldaren araberakoa—, kendu egin dute, «legez kanpokoa» zela argudiatuta. «Europak esaten du ezin dela tasa bat kobratu jasotzen ez den zerbitzu baten truke». Hala, 2013an herritarrek zerbitzua behar den unean ordaindu beharko dute; hau da, heriotza gertatzen denean. Herritar guztiek tarifa bera
ordainduko dute, lehen ez bezala. Orain arte, Azkoitian erroldatutakoek eta gainontzekoek
tasa desberdina zuten, baina hurrengo urtetik aurrera kanpotarrek ordaintzen zuten tarifa izango dute guztiek. Orain arte ordaindutako tasak, ordea, kontuan izan ditu udalak. Beraz, azken hamar urteetan zerga hori ordaindu eta zerbitzurik jaso ez duten familiek %30eko hobaria izango dute, heriotzaren bat gertatuz gero.
Udal gobernuak adierazi du ordenantzen bidez zerga politika «sakonki berraztertuko» duela. Halaber, oinarrizko zerbitzuak «ahalik eta merkeenak» izan daitezen nahi du, eta «politika soziala» izango du ardatzetako bat, sarrera gehien dituztenei zama fiskal handiagoa aplikatuz, eta alderantziz. «Gutxieneko soldata interprofesionalik ez dutenei eta hortik gertu dabiltzanei hobari eta bonifikazioak ezarriko dizkiegu». Iruzurrari aurre egiteko neurriak hartuko dituztela aurreratu du; hala nola, «ikuskaketak» egiteko asmoa dutela adierazi du. «Zergak ordaintzen ez dituzten etxeak edo erakundeak egon daitezke, eta hori aztertzeko bidea egingo dugu».
Erabili gabeko etxeei gainzama
Uraren eta zaborraren tasen gainean hobari berria izango dute herritarrek, eta soldataren eta familiako kideen arabera bonifikazioak izango dituzte. Uraren kasuan, udalak ez du tasarik igoko, eta merkatariek %20 gutxiago ordainduko dute. Udal gobernuak, gainera, 2014rako pauso bat gehiago eman nahi du, eta honen prezioa familien kontsumoaren araberakoa izatea nahi dute. Zaborrari dagokionez, bosgarren edukiontzia erabili eta konposta egiteagatik ezartzen zuten hobaria kendu egingo dute, ez delako «eraginkorra» izan. Larrañagak argitu duenez, 1.300 azkoitiarrek aurreko urtean eskatu zuten hobari hori, baina %3k bakarrik bildu du konposta. Hori hala, eredu honetan izena eman zutenek «hobaria» lortzeko asmoz egin zuten, eta ez udalaren helburuak betetzeko. «Tasa honen helburua herritarrak zaborra bereiztera bultzatzea zen».
Ondasun higiezinen zergak ere izango du aldaketarik, eta ohiko bizitokia ez diren etxebizitzei gainordaina ezarriko diete. Udalak gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak %150eko errekargua jartzea erabaki zuela joan zen uztailean, foru arau baten bidez. Udal gobernuak bat egin du horrekin, baina Azkoitiaren kasuan %100eko gainzama ezarriko dute. Honen bidez, etxebizitza hutsei «erabilpena» eman nahi diete: «Hutsik dauden etxeak alokairura ateratzea sustatu nahi dugu, herritarren etxebizitza eskubideak bermatzeko, batetik. Bestetik, hutsik dauden etxeak jarduera ekonomikoren batera ere bideratzea bultzatu nahi dugu». Errekargua aurrera eramateko, errolda hartuko dute kontuan; hala, soilik erroldatuta ez dauden etxeen jabeei ezarriko diete. Hala ere, hiru salbuespen onartu dituzte. lanbide eta merkataritza jardueretan erabiltzen diren etxebizitzek, egoitzetan erroldatutako pertsonen etxebizitzek eta administrazioak hondamendi egoeran izendatu dituzten etxebizitzek ez dute aparteko igoerarik izango.
Enpresa eta jarduera ekonomikoei dagozkien zergen kasuan, milioi bat euro baino gehiagoko negozio jarduera duten enpresek ordaindu beharko dute tasa aurrerantzean. Orain arte, 2.000.000 eurotan zegoen muga, baina Aldundiak erdira jaistea erabaki du, eta udalak bat egin du. Hala ere, enpresen egoera ekonomikoa kontuan hartuko dute. «Egoera ekonomiko larria duten enpresen kasuak aztertuko ditugu, eta kasu horietan ordainketak atzeratzeko aukera izango dute». Horrez gain, galerak izanda ere, plantilla mantendu duten enpresek %50eko hobaria jasoko
dute.
Elkarguneko tasak udala «bereziki» baldintzatuta duela adierazi du Bilduk, «zama ekonomiko ikaragarria» duelako erakundeak. Hala ere, «ahalegin berezia» egin eta familien urteko bonoa merketu egingo dute. Urteko tarifa 500 euro izatetik 380 euro izatera pasako da, BEZ aparte. Halaber, bono bakarra egongo da aurrerantzean, eta bi guraso langabezian badaude %25eko hobaria izango dute bono horretan.
Desadostasunak alderdietan
Herenegun iluntzean egin zen osoko bilkuran onartu zituzten ordenantzak. Bakoitza banan-banan landu zuten, eta alderdiek jarrera desberdina izan zuten puntu bakoitzean. EAJ erabili gabeko etxebizitzen gainordainaren aurka azaldu zen. Jeltzaleen ustez, tasa berriak «hutsuneak» ditu, eta ez dira «alderdiak egindako hainbat proposamen kontuan hartu». Bilduren ustez, ordea, etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea emateko «lehenengo ahalegina» da. Azkoitiko PSEko ordezkari Miguel Raimundez, bere aldetik, ez dago ados zerga gehienak igotzearekin: «Herritarren interesen aurkakoa da tasak igotzea; ez da egokia. Are gehiago, Elkargunea aukerazko zerbitzua da, eta hori merketzea ez da logikoa, udalarentzat gastu handia dela ikusita, gainera». Azkoitia Bai koalizioa izan da ordenantza guztiekin ados dagoen bakarra: «Prozedura ondo jarraitu da, eta proposatu ditugun gauza asko atera dira aurrera, hilerriarena, kasu».
Preso gaixoen eskubideak
Ordenantzez gain, gaixorik dauden presoen eskubideen aldeko adierazpen instituzionala ere onartu zuten, Bildu eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. PSEk kontra bozkatu zuen, eta EAJ abstenitu egin zen. Mozioaren bidez, gaixotasun «larria eta sendaezina duten» 13 presoen «baldintzapeko askatasuna» eskatu diote Espainiako Barne Ministerioari eta kartzela zaintzako epaileari, espetxeetan ez dietelako «behar bezalako jarraipena» egiten gaixotasunari. Hala, Madrilgo gobernuak legea bete dezala eskatu dute. Eztabaida sortu zen mozioaren inguruan, izan ere, EAJk, eskubideak «preso guztientzakoak» izan behar direla adierazi zuen, politikoen eta arrunten artean bereiztu gabe. Bildu «guztiz ados» agertu zen horrekin, eta «hain justu preso politikoek salbuespen neurriak» jasaten dituztela erantzun zuen. PSEk, bere aldetik, adierazi zuen egungo sistemak «guztiak babesten» dituela. «Ez gara ezker abertzalearen jokoan sartuko, eta ez dugu ahaztu behar zergatik dauden kartzelan». Bilduko eta Azkoitia Baiko zinegotzi izan diren Jon Juaristik eta Ana Zubiarretak kargua utzi zuten.
