Etxe hutsen jabeei zerga altuagoa kobratuko die Zumaiako Udalak, alokairua sustatzeko

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko azaroaren 1a

Datorren urtean ohikoez gain beste etxebizitzak dituztenek Hondasun Higiezinen Zerga altuagoa ordaindu beharko dute, zehazki %75 gehiago. Jabeek etxe hutsak alokairuan jartzea da erabaki horren helburua, Zumaiako Ogasun zinegotzi Arritxu Gonzalezen arabera. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak—zerga hori etxe hutsei %150 arte igotzea proposatu du— finkatutakoa baino igoera txikiagoa aplikatuko diote Zumaian: «Lehenbiziko urtea denez, poliki-poliki igotzen hastea erabaki dugu». Aldaketa hori ez da kasu guztietan aplikatuko, ordea.  Gonzalezek azaldu du hainbat kasutan ez dela ezarriko zerga hori: etxebizitza hori lehendik alokatuta (errenta aitorpena aurkeztu beharko da), familiakide zuzen batei utzita edota etxebizitza hori Bizigune edo antzerako programa baldin badago, besteak beste. Injustizia soziala leuntzeko 2013. urterako ordenantza fiskalak aurkeztu eta onartu zituen herenegun Zumaiako Udalbatzak, gehiengoz. Ordenantza fiskalon helburua krisiaren aurrean gehiago dutenen ekarpena handitzea da, gutxien dutenen mesedetan eta «injustizia soziala leuntze aldera». Orokorrean KPIaren arabera igoko dituzte tasak eta zergak, %2,4a zehazki. Hala ere, salbuespenak izango dira datorren urtean. Etxe hutsen zerga igotzeaz gain, beste hainbat aldaketa proposatu zuen Zumaiako Udal Gobernuak herenegun. Jarduera ekonomikoaren gaineko zergari dagokionez, Aldundiak zehaztutako atalak aplikatuko ditu, bat izan ezik. «Egoera ekonomikoa medio, enpresei min gehiago ez egite aldera horiei dagokien zerga jaitsi egingo dugu». Lehen %2,1636ekoa zen eta hurrengo urterako %2ra jaitsiko dute. Zaldipotentziaren inguruko zergaren igoera, berriz, progresiboa izango da: oinarrizko ibilgailuei KPIa aplikatuko zaie eta  14 zaldipotentziatik gorakoek %5a, %7ko eta %10eko igoera izango dute, mailaren arabera. Auto elektrikoek, berriz, %50eko hobaria izango dute.  Zaborren gaineko tasa KPIaren arabera igoko dute, eta beraz, etxebizitza normal bateko bizilagunek urteko batazbeste 115,86 euro inguru ordainduko dute. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga gehiago igo ezin denez, orain artean bezala mantenduko dute. Plusbalioari dagokionez, berrikuntzak proposatu zituzten: %10etik %15era igo dute. Etxe kaleratze kasutan, berriz, zerga hori  banketxeek ordaintzeko proposatu zuten, eta ez etxejabeek. Kirol Patronatuan ere aldaketak izango dira. «Kiroldegiko abonuari BEZa bakarrik igotzea erabaki dugu . %8tik %21era igo dutenez, gehiegi iruditu zaigu abonua gehiago garestitzea. Hori dela eta, KPIa ez diogu aplikatuko», azaldu zuen Iñaki Ostolaza Bilduko zinegotziak. Ikastaroen kasuan, ordea, aplikatuko zaie KPIa, eta BEZaren inguruan esleitutako  enpresak erabakiko du zer egin. PSEko bozeramaile Emiliano Cabañas abstenitu egin zen eta EAJk, berriz, kontra botatu zuen.  Alderdi jeltzaleko Edurne Egañak adierazi zuen etxe hutsen gaineko errekargoa ez dela aplikagarria kasu guztietan: «Etxebizitza horietako asko udan erabiltzen dituzten jabeek. Horiek alokairuan jartzeko aukerarik ez dute izaten askok. Hori dela eta, ez da logikoa halabeharrez zerga hori ordainaraztea. Gure ustez, udan bi hilabetez etxea erabiltzen dutenek, hala egiten dutela erakutsiz gero,  salbuespena izan daitezke». Ostolazaren arabera, batzordetan EAJk emendakin ugari aurkeztu zituen eta Udal Gobernuak horien %90a onartu ditu. Bi puntutan, ordea, talka egin dute bi alderdiek, eta ondorioz, Udal Gobernuak ez du lortu EAJk ordenantza fiskalen atalean abstentzioa ematea. 2013. urteko ordenantza fiskalak eztabaidatu eta onartzeaz gain, beste hainbat gai ere jarri zituen Udalbatzak mahai gainean. Besteak beste, Bilduko zinegotzi Azis Alberdik %50eko lanaldiko liberazioari uko egin zion. Zumaiarrak «arrazoi pertsonalengatik» egin zion uko liberazio erdiari.  Udalbatzak eskerrak eman zizkion Alberdiri egindako lanagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide