Orioko Udalak musika eskolako, kiroldegiko eta kanpineko kuotak igo egingo ditu

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 1a, 10:05

2013ko behin-behineko ordenantza fiskalak Zergak -Ondasun higiezinen zerga KPI adina igoko dute. -Ohiko bizileku ez diren etxebizitzek (inor erroldatuta ez daudenak) %100eko errekargua izango dute. -Jarduera ekonomikoen gaineko zerga izoztu egingo da. -Ibilgailuen zerga guztiei KPI gehituko diete. -Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergak berdin mantenduko dira. Tasak -Tasak orokorrean izoztu egingo dituzte. -Salbuespenak: - Hondartzako OTA 1,20 euro orduko izango da. - Aiakoentzat hondartzako txartela 40 euro kostako da. - Fotokopiak ateratzea: DINA 4a 10 zentimo izango da eta DINA 3a eta fotokopia konpultsatuak orain arte bezala mantenduko dira. - Estableziemenduak irekitzeko baimenak berdin mantenduko dira. - Hondakinen tasa KPI-aren arabera igoko da. - Elkarte gastronomikoei %10 igoko zaie hondakinen tasa; hondakinak gaika biltzen dituzten elkarte gastronomikoei, berriz, KPIa igoko zaie. - Hondartzako ekipamenduak erabiltzeko tasak mantendu egingo dira. - Kultur etxeko eta udaletxeko teilatupeko gelak eta udalbatzar aretoa alokatzeko tasa mantendu egingo da. - Iturriaga Jauregiko sarrera mantendu egingo da. - Txu txu trenaren txartelak 2012ko prezio bera izango du. - Kanpineko tasa: Egonaldi jarraitua egiten dutenentzat KPI+ 6puntu (BEZ kanpo) igoko da eta tasa arruntak KPI-aren arabera (BEZ kanpo) igoko da. - Kiroldegiko kuota KPI-a+ 4 puntu igoko da. - Musika eskola KPI+ 4 puntu igoko da. - Futbol zelaia erabiltzeagatik prezioa mantendu egingo da eta Orioko elkarteak tasa ordaintzeaz libre geratuko dira. - Udal kiroldegiko aparkamenduak oinarria+ BEZa ordainduko dira. - Mendibeltz futbol zeilaren azpiko garajeen alokairua 74,29 eurokoa izango da hilean. Hobariak -Hobariak orain arteko berak mantenduko ditu Udalak. Berrikuntza: udal kanpineko bungalowen tarifak -Denboraldi altua (uztaila eta abuztua) - 2-4 pertsona bitarteko bungalowa 80 euro kostako da. - 4-6 pertsona bitarteko bungalowa 100 euro kostako da. - 6 lagunentzako bungalowak 120 euroko prezioa izango du. - Ezinduei egokitutako bungalowak 100 euro balioko du. -Denboraldi erdia (Ekainaren 15etik 30era, irailaren 1etik 15era, San Nikolas Jaiak eta zubiak) - 2-4 pertsona bitarteko bungalowa 70 euro ordainduko da. - 4-6 pertsona bitarteko bungalowa 85 euro kostako da. - 6 lagunentzako bungalowa 105 euro ordainduko da. - Ezinduei egokitutako bungalowa 85 euro kostako da. -Denboraldi baxua (gainontzeko urte guztia) -2-4 pertsona bitarteko bungalowa 60 euro kostako da. -4-6 pertsona bitarteko bungalowak 70 euro balioko du. -6 lagunentzako bungalowa 90 euroko prezioa izango du. -Ezinduei egokitutako bungalowa 70 euro kostako da. Asteartean iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuen Orioko udalbatzak, eta 2013ko behin-behineko ordenantza fiskalak onartu zituen, Bildu eta Orain udal taldeen aldeko zazpi botorekin eta EAJren aurkako bost botorekin. Ordenantza fiskalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta jendaurrean izango dira 30 lan-egunetako epean. Helegiterik egongo ez balitz, behin-behineko erabakia behin betikoa bihurtuko litzateke zuzenean. Udal talderen batek iradokizunen bat egingo balu, berriz, behin-behineko ordenantza fiskalak Ogasun Batzordean aztertu beharko lituzkete berriz, eta udalbatzarrean bozkatu. Tasa gehienak izoztuta 2013ko ordenantza fFiskalei dagokienean, «egungo egoera ekonomikoa kontuan hartu, eta tasa gehienak izoztu» egingo dituztela jakinarazi du Orioko Udalak. Dena dela, musika eskolako, kiroldegiko eta kanpineko zerbitzuak «egungo egoerara» egokituko dituela jakinarazi du udalak. Zerbitzu horiek ekonomikoki udalarentzat duten kostua aztertu dute, eta erabiltzaileengan karga handiagoa jartzea erabaki dute. Zergei dagokienean, 2013rako ohiko etxebizitzak ez diren etxebizitzei %100eko errekargua aplikatuko zaiela erabaki dute. Modu horretan, etxebizitza hutsen arazoari fiskalki aurre egin nahi dio udalak, eta etxebizitza horiek erabiltzera bultzatu nahi ditu herritarrak. «Etxebizitzak betetzeko bideak ezartzeko, hutsak dauden etxebizitzak egoteko oztopo fiskalak jartzea lehen pausoa dela uste dugu», azaldu du Beñat Solaberrieta Orioko alkateak. Horretaz gain, asteartean onartu zituzten 2013ko ordenantza fiskaletan udalak eskuratu duen zenbait ondasunen alokairu prezioa ere zehaztu dute; txosnen, eszenatokiaren eta txu-txu trenaren alokairuen prezioak ezarri dituzte, hain zuzen ere. Kanpinean jarriko diren bungalowen prezioak ere erabaki dituzte; prezioa urte sasoiaren eta bungalowaren tamainaren araberakoa izango da. Azaroaren 25ean kalera 2013ko ordenantza fiskalez gain, udalbatzak beste hainbat gai ere bozkatu zuen astearte iluntzean. EAJ udal taldeak esaterako azaroaren 25aren, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala aurkeztu zuen, eta Orioko udalbatzak aho batez bat egin zuen proposamenarekin. «Aurten Bildurbarik programaren baitan Orioko Udala Harremonak taldearekin elkarlanean neska-mutilen arteko harreman normalizatuak lantzen ari da. Izan ere, uste genuen jarrera matxistak gaindituta zeudela gazteen artean, baina hori ez dela horrela ikusi dugu», azaldu zuen EAJko zinegotzi Noemi Ostolazak. Orioko Udalak gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko aldeko apustua egin du eta Udalak herritarrak gonbidatzen ditu gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera; baita edozein indarkeria eta bereizketa sexista gaitzesteko ere. Horretaz gain, herritarrei eta bereziki neska-mutilei azaroaren 25ean egingo diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera animatu nahi ditu.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide