Astearte iluntzean ohiko udalbatzarra ospatu zuen Orioko Udalbatzak eta 2013ko behin behineko ordenantza fiskalak onartu zituzten Bildu eta Orain udal taldeen aldeko zazpi botoekin eta EAJren aurkako bost botoekin. 2013ko Ordenantza Fiskalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta jendaurrean izango dira 30 lan egunetako epean. Alegaziorik egongo ez balitz behin behineko erabakia behin betikoa bihurtuko litzateke zuzenean. Udal talderen batek alegaziorik egingo balu berriz, behin behineko ordenantza fiskalak ogasun batzordean aztertu beharko lituzkete Udalbatzako kideek eta ondoren proposamen berria udalbatzarrean bozkatu.
Orioko alkate Beñat Solaberrietak azaldu duenez, "egungo egoera ekonomikoa" kontutan hartu dute 2013ko Ordenantza Fiskalak diseinatzerakoan eta tasa gehienak izoztu egin dituzte. Zergei dagokionez, aipatzekoa da, ohiko etxebizitza ez diren etxebizitzei, %100eko errekargoa aplikatuko zaiela. Bestetik, Musika Eskola, Kiroldegia eta Kanpineko zerbitzuak «egungo egoerara» egokitu dituela jakinarazi du Udalak. "Ekonomikoki udalarentzat suposatzen duena baloratu ondoren, erabiltzaileengan karga handiagoa jartzea" erabaki dute Udalbatzako kideek. Oinarrizko zerbitzuei dagokionean aldiz, Udalak tasak izoztea erabaki du.