Taldean paseatzera animatu dituzte adinekoak

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 31

Adinekoak gustura bizi daitezen, haiei zuzendutako ekimenak abiatzea ezinbestekoa izaten da. Ildo horretan, Tipi tapa ekimena abiatuko dute azaroaren 6an Zumaiako Udalaren Kirol, Ingurumen eta Gizarte Zerbitzuek, Urola bailarako Osasun eta Kontsumo Departamenduak, Zumaiako Osasun Zentroak, Beheko Plaza Elkarteak eta Zumaiako Nagusilan eta Pertsona Nagusien Kontseiluak elkarlanean. Tipi tapa egitasmoak 64 urtetik gorako pertsonen ongizate fisikoa eta psikologikoa hobetzea eta hauek herri mailan jarduera fisikoa egitera bultzatzea du helburu. Horretarako ibilaldi osasuntsuak, herri zirkuituak eta taldeko ekintzak sustatuko dituzte besteak beste. Herrian zehar oinez Tipi tapa ekimenarekin Zumaiako adineko jendearengan kalera irten eta lagun artean ibiltzeko ohitura sustatu nahi dute antolatzaileek. Modu horretan parte hartzaileen osasun fisikoan eragiteaz gain, osasun psikologikoan eta arlo sozialean ere eragingo duela uste dute. Azaroaren 6an abiatuko dute egitasmoa eta bertan izena ematen dutenek asteartero 10:00etako edo 15:00etako txandan boluntario talde batek gidatuta Zumaia inguruan ibilbide desberdinak egingo dituzte. «Horrela etxean gelditu beharrean lagun artean paseatu eta ohitura osasuntsuak heltzera animatu nahi ditugu  Zumaiako adineko pertsonak» azaldu dute. Izena emateko aukera irekita Tipi tapa ekimenean parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Gizarte Zentroan Beheko Plaza Elkartearen egoitzan astelehenetik ostiralera 11:00etatik 12:00etara eta bestetik Branka Gizarte Zerbitzuen Departamenduan astelehenetik ostiralera 08.00etatik 15:00etara. Adineko pertsonez gain, Tipi tapa ekimenean parte hartu nahi duten boluntarioek ere toki eta ordu berean eman beharko dute izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide