
DBH telesaileko aktore taldearen argazkia; atzean, eskuinetik hasita, bigarrena da Xabi San Sebastian eta eskuinekoa, eserita, Elena Irureta (Argazkia: ETB)
DBH telesail umoretsuak euskal institutu bateko irakasle taldearen xelebrekeriak bilduko ditu, bihartik aurrera, ETB 1 telebista katean. Proiektua berriaren atzean, Bodologuak antzezlanaren sortzaile Mikel Pagadizabal Pagadi villabonarra, Egoitz Lasa zarauztarra eta Nagore Aranburu azpeitiarra daude; lehenengo biak gidoilari gisa, eta hirugarrena zuzendari lanetan, hain justu ere. «Txintxeta taldea bezala sortu genuen ideia, eta K2000 ekoizpen etxeari aurkeztu genion. Modu horretan, proiektua aurrera ateratzeko aukera sortu zitzaigun. Bodologuak-eko lantaldea gara, baina lehendik ere aritu izan gara elkarrekin lanean Wazemank, Finlandia eta Ai, ama! saioetan. Nolabait esateko, batak bestea ekarri du», aditzera eman du Egoitz Lasak.
Garaia ikusita, «formatu arin» bat behar zutela erabaki zuten sortzaileek. «Bueltak ematen hasi ginen, eta irakasleek joko asko ematen zutela iruditu zitzaigun. Formatu aldetik, berriz, kamera finko baten aurrean izatea bururatu zitzaigun». Camera cafe telesaila eredu bera erabiliko dute, baina kamera finko hori ez dute toki bakar batean kokatuko, lau gunetan baizik: fotokopiagailuaren aurrean, komunean, irakasle gelan eta jangela edo atseden gela batean.
«Telesail korala»
Aktore talde zabalak osatuko du saioko irakasle taldea: Ramon Agirre, Elena Irureta, Joseba Apaolaza, Mikel Martinez, Sara Cozar, Xabi San Sebastian, Nagore Orbeltzu eta Asier Sotak, alegia. «Telesail korala da. Ez da protagonista nagusirik egongo; agian, istorioaren arabera, batak besteak baino presentzia handiagoa izango du, baina, oro har, denak izango dute tartea. Azken finean, irakasleek ere talde bezala funtzionatzen dutelako».
Aktore bakoitza irakasle jakin baten azalean barneratuko da. Eskualdekoei dagokionez, Xabi San Sebastian zarauztarra kontuak ongi egin ezinda dabilen matematikako irakaslea izango da. «Urduri samarra eta dudatsua da, eta xelebrea. Berak oso ongi menderatzen du gorputz hizkuntza, eta nik uste dut oso ongi moldatuko dela bere paperean», aurkeztu du Lasak. Elena Irureta zumaiarra, bere aldetik, gizarte irakasle beteranoa izango da: «Ikastetxeko gorabehera guztiak dakizki. Erretiroa hartzear dagoen irakasle zahar eta petrala da».
Oraingo honetan, Pagadik eta Lasak kameraren atzean geratzea erabaki dute. «Idazteko bolumen handia eskatzen du proiektu honek, eta apenas dago denborarik. Aurrekontu falta ere toki guztietan antzematen da, eta ezinezkoa zitzaigun lehen bezala gidoiak idatzi eta antzeztea. Diru gutxi, jende gutxi eta presa handia, alegia. Erabaki bat hartu behar zen, eta pantailaren atzealdean geratu gara idazten. Egia esan, oso gustura gabiltza».
Ohiko umore estiloa
Barre egiteko saioa prestatu dute Txintxeta taldekoek. «Elkarrekin lan egin izan dugu, eta beti nahiko umore antzekoa egin izan dugu», zehaztu du gidoilari zarauztarrak. « Honetan ere Wazemank-etik gauza asko daude, baita Bodologuak-ek eman diguten ikuspegia ere. Guk umorea egiteko estilo bat markatu dugu azken urteetan, eta hori islatu egingo da proiektu berrian ere. Kasu honetan, ordea, gurekin lan egin ez duten aktoreekin, eta horixe izango da ezberdina».
Institutuko kontuez gain, irakasleen egunerokoa izango dute kontagai istorioek: «Idatzi dugunok ez gara irakasleak, baina pentsatzen dugu irakasle gela horietan laneko kontuez, ikastetxeko gauzez eta ikasleekin dituzten gorabeherez gain, maila pertsonalekoak ere izango dituztela hizpide. Azkenean, bizikidetza dago lantoki horretan. Bakoitzak bere arazoak ditu, eta arazo horiek partekatzerakoan sortzen diren egoerak kontatuko ditugu gehienbat».
Ikuslegoaren aldetik «oso ongi» funtzionatuko duela iritzi dio Lasak. «Lehen atalak ikusi dituztenek barre egin dute, eta pentsatzen dugu publikoari ere gustatuko zaiola. Izan ere, ongi pasatzeko momentu bat proposatu nahi dugu. Denok izan gara ikasle, batzuk dira irakasle eta gurasoak mordo bat da. Hori kontuan hartuta, guztiekin batzeko modukoa izatea espero dugu».
Ostegunetan prime time edo ordutegi nagusian emitituko dute DBH telesail berria. Lau ataletan banatuta egongo da, eta 40 minutu inguru iraungo du. Era berean, astelehenetik ostegunera, hamar minutuko kapitulutan zatituta emango dute ordutegi nagusian ikusiko saio osoa.