Idi dema zaleak zorteko dira, azaroa iristearekin batera Aiako Idi Dema Elkarteak Kintopeko Idi Probak antolatu baititu, urtero bezala. Gaur gauean hasiko da txapelketa, eta astelehen gauera arte ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Aiako udal probalekuan biltzen direnek.
Aurtengoan txapelketa antolatzen duten 11. urtea da. Eta zera jakinarazi du Aiako Idi Proba Elkarteak: «Aurtengoan oso maila oneko idi pareak bilduko dira Aiako probalekuan, eta ikuskizun polita ikusteko aukera izango dugu idi proba zaleok».
18 idi pare txapelketan
Kintopeko XI. Idi Probetan hemezortzi idi parek parte hartuko dute aurtengoan. «Txapelketan izena ematerako orduan ez dugu gehienezko parte-hartzaile kopurua zehazten eta aurtengoan 18 parte-hartzaile izango ditugu». Hiruko txandetan banatuko dituzte idi pareak sei egunetan zehar. «Egun bakoitzean hiru parte hartzaile baino gehiago jartzen badira luze samarra izaten da saio eta horregatik erabaki dugu modu horretan antolatzea» azaldu du Aiako Idi Proba Elkarteko Paulo Aldalurrek.
Aurtengoan gainera, Santu guztien Eguna ostegunean tokatu denez, jende askok zubia izango duela-eta Aiako Kintopeko Idi Probetara ikuskizunaz gozatzera jendea animatzea espero dute. «Aiara etortzeko ohitura izaten dute idi dema zaleek. Jakin badakigu egunero ez dugula jende asko izango, baina ohikoa den bezala idi pare onak tokatzen diren egunetan jendetza espero dugu. Idi-pare gaztea lehen aldiz plazara ateratzen dutenean ere jende gehiago animatzen da». Horretaz gain, aurten, krisia dela-eta, proba zaleei deskontu txiki bat egiteko asmoa dute antolatzaileek: 100 euro ordainduko ditu 6 egunetarako sarrera hartzen duenak. Egun bakoitzerako sarrera, berriz, 20 eurotan salduko dute.
«Oso maila oneko saioak»
Idi proba zaleek Euskal Herrian zehar egiten diren txapelketak jarraitzen dituztenez, ezagutzen dute idi-pare bakoitzaren maila. «Uste dugu aurten txapelketa polita ikusteko aukera izango dugula. Etxabe, Oliden, Isidro Erretegia, Bixkiak eta Elorduy besteak beste oso oso idi pare onak dira eta ziur gaude ikuskizun polita emango dutela. Faboritoa zein den esatea zaila egiten zait, oso maila ona ematen ari baitira aipatu ditudan idi pare horiek txapelketa desberdinetan» adierazi du Aldalurrek.
Irabazlearentzat, 1.300 euro
Txapelketan idi pareek Aiako probalekuko 1500 kiloko harriarekin egingo dute saioa. Goizeko 10:00etan pisatuko dituzte idiak, probazale bakoitzari dagokion egunean; gehienez 1.100 kilo pisatu beharko dute animaliek. Gehiegizko kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainzama erantsiko diete idiei.
Sariei dagokionean, sari potoloak emango dituzte Aiako XI. Kintopeko Idi Probetan. Irabazleak 1.300 euro, mantak eta garaikurrak eskuratuko ditu, bigarrenak 1.100 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 960 euro eta garaikurra. 4. posturik 10. portura bitartean sailkatzen direnak ere saria jasoko dute.
10. postutik atzera sailkatzen diren idi-pareek 400 euroko saria izango dute 30 plaza osatzera iristen badira. 30 plazara iristen ez direnak, ordea, ez dira esku hutsik itzuliko etxera, 250 euroko dieta izango baitute.
Aiako XI. Kintopeko Idi Probak
Egitaraua
Urriaren 31, gaur, 22:00etan.
- Julen Olasagasti (Igeldo)
- Kiskurra (Larraul)
- Laski (Birle).
Azaroaren 1a, bihar, 22:00etan.
-Aratz Oliden (Orio)
- Ekaitz Elorduy (Berango)
- Iñaki Lopategi (Birle).
Azaroaren 2a, ostirala, 22:00etan.
- Arzadun (Aia)
- Egoitz Armaolea
(Zumarraga)
- Loinaz (Igeldo)
Azaroaren 3a, larunbata, 22:00etan.
- Muguruza Iturbaltza
(Mungia)
- Rafa Alegria (Azkoitia)
- Jose Mari Izeta (Aia)
Azaroaren 4a, igandea, 18:00etan.
- Enaitz Oliden (Orio)
- Isidro Erretegia (Azkoitia)
- Narbasta (Oikia)
Azaroaren 5a, astelehena 22:00etan.
- Bixkiak (Errezil)
- Patxi Irarreta (Errenteria)
- Etxabe (Aizarnazabal)