Zestoako Udalak herriko arlo sozialetan lan egingo duen bolondres taldea osatu nahi du, eta horretarako kanpaina abiatu dute. «Zestoan bolondres gutxi dago, baina ikusi dugu batzuk badaudela horretan interesatuta; beraz, jakin nahi dugu ea egitasmoa aurrera atera dezakegun», adierazi du Izaskun Sernak, Zestoako Udaleko Gizarte langileak.
Taldearen bidez, herrian dauden «gabeziei» aurre egin nahi diete; hala nola, Lasao auzoan dagoen Gizakia Helburu terapia zentroarekin elkarlanean aritzeko asmoa dute. «Gizakia Helburuk ere badu bolondresak izateko nahia, eta zenbait lan egiteko laguntzaileen beharra baitu». Horrez gain, bakarrik bizi diren adinduei edo gaixoei konpainia egin edota elikagaiak banatu ditzaten bildu nahi dituzte herritarrak.
Taldea osatuz gero, hainbat bilera egingo dituztela aurreratu dute, eta landuko dituzten arloak zehaztuko dituzte, ekintzak antolatzen has daitezen. Herriko hainbat eragileekin ere biltzeko asmoa dute, Caritas taldearekin eta Jubiltauen elkartearekin, kasu. Beraz, egitasmoak «luze» joko duela aurreratu du Sernak.
Zestoan bada halako lanak egin dituzten bolondresak, Caritaseko kideak, hain zuzen ere. Horiek herriko hainbat egoitzetara joaten direla adierazi du gizarte langileak, baina azken urteetan bolondresen kopurua gutxitu egin dela azpimarratu du. Horrez gain, asko «adinduak» dira dagoeneko; «pertsona gazteagoak talderatu nahi ditugu, ahalmen gehiago izango dituztenak».
Gizakia Helburuaren kasuan, bertan daudenekin irteerak egin eta ikastaroak eskainiko dituztela aurreratu dute. «Pertsona batek tratamendua hasten du, baina ez du seniderik ondoan. Beraz, hainbat unetan konpainia emateko ardura izango lukete».
Krisi ekonomikoaren ondorioz, gainera, azken urteetan hainbat behar sortu dira azkenaldian; «pobre berriak daude orain, eta gastu guztiei aurre egin ezin dien pertsona asko ditugu». Horiei laguntzeko asmoa ere badu udalak; «ikusten dugu hainbat herritarrek elikagaiak eskatzen dituztela. Duela bost urte pentsaezina izan zitekeen hau, baina orain errealitatea da, eta eskaria hazten doa».
Sernaren arabera, Zestoan ez dago inguruko beste herrietan dagoen bolondresen «ohitura sendorik», eta gizartea «gero eta indibidualistagoa» dela deritzo. «Alboan badugu jendea da laguntza behar duena, eta elkartasuna bultzatu nahi dugu honen bidez».
Herritarren lana ez dela ordainduko argitu du udalak, eta taldea «altruista» izango dela gaineratu du; «gizarte arloan laguntzeko nahia eta denbora duenak hartu dezake parte». Horretarako ez dute aparteko baldintzarik jarri: «Sentsibilitate pixkat bat izatea da gakoa. Ardurarekin egin behar den zeregin bat da». Hala, bolondres aritzeko interesa dutenak elkarrizketatuko ditu udalak, «bakoitzaren profila jakiteko». Hala, hasierako bultzada udalak emango du, baina ondorean, taldea «autogestionatua» izatea nahi dute.
Bolondres gisa aritzeko udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake. Udalak ez du izena emateko eperik jarri. «Deialdiak zer erantzun duen jakin nahi dugu lehendabizi; lehenengo saiakera da hau, eta harreraren arabera hasiko gara taldea osatzen».