Modelo zinema aretoa nazioarteko ahots talde entzutetsuenen eskenatoki bilakatuko da datozen egunetan. Hain zuzen, Tolosako Abesbatzen 44. Lehiaketan parte hartu duten hiru taldek kontzertuak izango dira gaurtik larunbata bitartean. «Udalak duela gutxi txukunketa eta berriketa lan batzuk egin ditu areto horretan, herritarrek modu anitzetara erabil dezaten», jakinarazi dute. Hori aprobetxatuz, aurten Modelon egingo ditu jardunaldiak Zarautz Abesbatzak, «proba modura». «Akustika ona duela dirudi», zehaztu du Jaione Eskuderok.
Yvonne Zimmer sopranoak, Susanne Wagenmann mezzosopranoak, Marita Grasmück ahotsak, Helmut Winkler tenoreak, Georg Grün baritonoak eta Stefan Paul baxuak estreinatuko dute gaur aretoan egokitu duten eskenatokia, Alemaniako Daarler Vocal Consort abesbatzak. Polifonia klasikoaz gain, ahots musika garaikidea eskainiko dute, 13 kantu inguruko emanaldian.
Bihar Dublingo (Irlanda) hotsak nagusituko dira Modelon, New Dublin Voices 20 ahotsen eskutik. Bernie Sherlocken zuzendaritzapean ariko da herrialdeko ganbera abesbatzen artean talde aitzindariena. Larunbatean, Erresuma Batuko Apollo 5 ahots taldea taularatuko da. Retro, jazz, pop, eguberritako kantuak eta klasikoak eskainiko dituzte a cappella emanaldi ikusgarrian.
Zumaian ere izango dira nazioarteko doinuak, Indonesiakoak hain zuzen. Hemezortzi emakumek eta hemezortzi gizonezkok osatutako eta Agustinus Bambangek zuzendutako Maranathan Christian University Choir abesbatzak askotariko kantuak interpretatuko ditu igandean parrokian, Zumaiako Udalak eta Udal Musika Patronatuak antolatuta.
Egitaraua
Urriak 30, gaur
20:30. Daarler Vocal Consort ahots taldearen kontzertua, Zarauzko Modelo aretoan.
Urriak 31, bihar
20:30. New Dublin Voices abesbatzaren kontzertua, Modelo aretoan.
Azaroak 3, larunbata
20:30. Apollo 5 ahots taldearen kontzertua, Modelo aretoan.
Azaroak 4, igandea
19:00. Maranatha Christian Univertsity abesbatzaren kontzertua, Zumaiako parrokian.
