Mertxe Bengoetxeak (Aginaga, Usurbil, 1936) duela bost urte erabaki zuen Esperientzia Eskolan parte hartzea. Ordutik oso gustura dago, Esperinetzia Eskolan astero-astero lagun artean gauza berriak ikasteko aukera duelako.
Zer dela eta erabaki zenuen Esperientzia Eskolan izena ematea?
Ni ez naiz inoiz izan geldi egotekoa. Pinturako klaseak ematen ditut Kultur Etxean, baina esperientzia berri bat bizi nahi nuen. Esperientzia Eskolaren berri izan eta izena ematea erabaki nuen. Egia esan, hasi nintzenean ez nuen uste hainbeste urtez jardungo nintzenik.
Zer ikasten duzue Esperientzia Eskolan?
Astelehen arratsaldetan bi ordu eta erdiko klaseak izaten ditugu, 14:00etatik 16:30era hain zuzen ere. Gai jakinetan espezializatuta dauden irakasleak etortzen zaizkigu eta euren gaien inguruko klaseak ematen dizkigute: filosofia, musika, historia, arkeologia eta beste hainbat gai lantzen ditugu. Oso interesgarria izaten da.
Ikasle gazteekin ere konpartitzen duzue esperientzia?
Ikasturte amaieran Ikastolako gazteekin elkarlanean proiektu bateak parte hartzen dugu. Guk bi egunetan zehar elkarte gastronomiko batean sukaldatzen, arropa zabaltzen eta tolesten eta josten erakusten diegu besteak beste. Jarraian, eurak guri informatika eta interneten ibiltzen erakusten digute. Oso aberasgarria denontzat. Horregatik, oriotarrak Esperientzia Eskolan parte hartzera animatu nahi ditut.
---------------------------------------------
Esperientzia Eskolako ikasleek «ilusioz beteta» abiatu dute ikasturtea
Atzo abiatu zuten Orioko Udaleko areto nagusian Orioko Esperientzia Eskolaren ikasturte berria, eta bertan bildu ziren iaz eskolan parte hartu zuten ikasleak, eskolako hezitzaileak, Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizar eta Orioko alkate Beñat Solaberrieta.
Solaberrietak Orioko Udala mota horretako proiektuak «laguntzeaz pozik» dagoela azaldu zuen jendaurrean, eta Esperientzia Eskolaren aldeko apustua egiten duela aldarrikatu zuen.
Herriaren aldeko lana
Beñat Solaberrietaren iritziz Esperientzia Eskola herriaren aldeegiten duen lana nabarmena beharra dago. «Garai ekonomiko ona bizi ez badugu ere, Orioko Udalak Esperientzia Eskolaren aldeko apustua egin du. Alde batetik, uste dugulako adina ez dela muga nork bere burua aberasteko; eta bestetik, balio handia ematen diogulako Esperintzia Eskolaren baitan sortu den taldeari, eta horrek ikasturtean zehar egin duen lanari eta jarritu duen dinamikari».
Gainera, ikasturte amaieran Esperientzia Eskolako kideek herriko gaztetxoekin esperientzia eta jakintzak partekatzeko egiten duten ekimena ere oso aberasgarria dela nabarmendu zuten parte-hartzaileek. Orioko Herri Ikastolako zuzendari Zigor Saizarrek zera adierazi du: «Ikastolarentzat ohorea da gure artean adin askotako ikasleak izatea. Gainera, gaztetxoen eta adinekoen artean sortzen den harremana oso aberasgarria da denontzat, guztiok asko ikasten baitugu».