Urriaren 21ean hasi ziren aurtengo erromeriak Andatza auzoko Aristerrazu plazan eta ekainera bitartean igande arratsaldetan trikitixa doinuek eta dantzak hartuko dute Andatza. Horren harira Aiako Udalak eta Andatzako Erromeria Elkarteak hitzarmen berri bat sinatu dute –aurreko legegintzaldian ere diru-laguntza eman zuten– erromeria hau bultzatzeko eta Andatzako kultur eskaintza mantentzeko. Hitzarmenarekin lau urterako konpromisoa hartu dute, hau da 2015era artekoa eta horren arabera Udalak urtero diru-laguntza emango du:
- 2012an 2.600 euro
- 2013an 2.800 euro
- 2014an 3.200 euro
- 2015an 3.400 euro
Hurrengo erromeria
Andatza auzoko hurrengo erromeriak datorren igandean eta hurrengo ostegunean izango dira eta trikitilariak 18:30etik 21:30era arituko dira Aristerrazuko plazan.
- Urriaren 28an, igandean: J.L. Laja eta Unai Narbaiza.
- Azaroaren 1ean, ostegunean: Astiazaran II.a, Izer eta Lutxurdio.