‘Txistu symphonic’ diskoa aurkeztuko du bihar Garikoitz Mendizabalek

Nerea Uranga 2012ko urr. 26a, 10:21

Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak bere lan berria aurkeztuko du bihar, 12:00etan, Zestoako udaletxeko pleno aretoan. Txistu symphonic diskoa da Mendizabalen obra berria, eta Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zuen joan den maiatza eta ekaina bitartean. Aurkezpenean, Garikoitz Mendizabalekin batera, Hautsi Records zigiluko Xabier Zabalak hartuko du parte. Diskoan jasotako pieza batzuk entzuteko aukera ere egongo da aurkezpenaren barruan: «Bratislavako orkestra ez dut ekarriko Zestoara, baina grabazioekin lagunduta neuk txistuarekin diskoko pieza batzuk zuzenean joko ditut». Lan berri honetan Mendizabalek aurrenekoz txistuak orkestra baten aurrean bakarlari moduan aritzeko errepertorio propioa orkestratu eta grabatu du. «XX. mendeko musikari handi batzuek txisturako egindako obra batzuk orkestratu ditut, beti txistua protagonista edo bakarlari izanda. Hori da lan honek duen berrikuntza», azaldu du Mendizabalek. Diskoak 70 minutuko iraupena du, eta bertan hainbat txisturako pieza bildu ditu. «Luis Urteaga, Joxe Olaizola, Guridi, Pablo Sorozabal, Ansorena… Denak organojoleak edota musika bandako zuzendariak ziren, eta horiek txisturako partitura zoragarriak egin zituzten. Guk, orain arte txistulari bandarekin jo izan ditugu pieza horiek. Baina nik beti pentsatu izan dut, lan horiek orkestra batekin jotzeko izugarri egokiak izan behar zutela, eta lan honetan horixe egin dut», adierazi du Mendizabalek. Grabaziorako Bratislavako orkestra Enrike Ugarte tolosarrak zuzendu du. «Orain dela urtebete lan hau [...]

Garikoitz Mendizabal Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin (Argazkia: Garikoitz Mendizabalen artxiboa)

Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak bere lan berria aurkeztuko du bihar, 12:00etan, Zestoako udaletxeko pleno aretoan. Txistu symphonic diskoa da Mendizabalen obra berria, eta Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zuen joan den maiatza eta ekaina bitartean. Aurkezpenean, Garikoitz Mendizabalekin batera, Hautsi Records zigiluko Xabier Zabalak hartuko du parte. Diskoan jasotako pieza batzuk entzuteko aukera ere egongo da aurkezpenaren barruan: «Bratislavako orkestra ez dut ekarriko Zestoara, baina grabazioekin lagunduta neuk txistuarekin diskoko pieza batzuk zuzenean joko ditut».

Lan berri honetan Mendizabalek aurrenekoz txistuak orkestra baten aurrean bakarlari moduan aritzeko errepertorio propioa orkestratu eta grabatu du. «XX. mendeko musikari handi batzuek txisturako egindako obra batzuk orkestratu ditut, beti txistua protagonista edo bakarlari izanda. Hori da lan honek duen berrikuntza», azaldu du Mendizabalek.

Diskoak 70 minutuko iraupena du, eta bertan hainbat txisturako pieza bildu ditu. «Luis Urteaga, Joxe Olaizola, Guridi, Pablo Sorozabal, Ansorena… Denak organojoleak edota musika bandako zuzendariak ziren, eta horiek txisturako partitura zoragarriak egin zituzten. Guk, orain arte txistulari bandarekin jo izan ditugu pieza horiek. Baina nik beti pentsatu izan dut, lan horiek orkestra batekin jotzeko izugarri egokiak izan behar zutela, eta lan honetan horixe egin dut», adierazi du Mendizabalek.

Grabaziorako Bratislavako orkestra Enrike Ugarte tolosarrak zuzendu du. «Orain dela urtebete lan hau Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin jo nuen, orduan Ugarte izan zen zuzendaria. Eta, oraingo honetan ere Bratislavako orkestra zuzentzeko bera aukeratu nuen. Munichen (Alemania) bizi da bera, baina askotan etortzen da Euskal Herrira Euskadiko orkestra zuzentzera-eta. Ugartek folklore musikaren mundua ondo ezagutzen du, eta gainera Europa mailan ere izena badu soinujole eta arreglista bezala», azaldu du zestoarrak.

Emaitza eta kritika onak
Lanaren azken emaitzarekin oso gustura gelditu da musikari zestoarra. «Egindako lanarekin oso gustura nago, mimo handiarekin egina dagoelako. Horrez gain, hartu ditudan erabaki guztiak pazientziarekin eta ondo hartu ditudan sentsazioarekin nago», esan du. Jendearen artean bere lanak izan duen erantzun ona ikusita, azken aste hauetan «laino artean bezala» dagoela dio Mendizabalek: «Jendea oso kritika ona egiten ari zait, soinu aldetik, orkestragatik, grabazioagatik… Beraz, gustura nago lan honen emaitzarekin».

Orain azken ekimen honek eman ditzakeen aukera berriak jorratzen ari da Mendizabal, lan berriarekin edozein orkestrarekin emanaldiak eskaintzeko aukera zabala ireki baitu. «Grabazio honetaz baliatuta, bilerak egin eta han eta hemen aleak jartzen ari naiz, eta etorkizun ertain batean emaitzak izatea espero dut. Kanpoko orkestrak interesatu dira, eta baita bertakoak ere. Ordea, horrek denak prozesu bat behar du, eta denborak esango du».

———————

Diskoa
-Izenburua. Txistu symphonic.
-Egileak. Garikoitz Mendizabal eta Bratislavako Symphony Orchestra.
-Orkestra zuzendaria. Enrike Ugarte.
-Soinu teknikaria. Mikel Fernandez.
-Diskoetxea. Hautsi Records.
-Diskoaren aurkezpena. Bihar, 12:00etan, Zestoako udaletxeko areto nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide