Ezezaguna dena ezagutu aurretik, beldurtu eta itxi egiten da jende asko. Hasiera batean sentipen hori izan zuten zenbait oriotarrek Mandalara Taldearen berri izan zutenean. Denborarekin ordea, taldeak egiten duen lanaren muina argi azaldu da, aurreiritziak gainditu eta zazpi urteko ibilbidean zehar jendetza gerturatu baita eurengana. «Norberak bere burua lantzea eta hobeto ezagutzea du helburu taldeak. Horretarako, barne oreka lortzeko tresna edo baliabide desberdinak erakusten dizkiegu herritarrei; horiek norberak bere egunerokoan, etxean lasai-lasai, erabili ditzan behar duen barneko pakea lortzeko» azaldu du Karmele Garmendia Mandalara Taldeko lehendakariak.
Mandalara Taldeko kideek jakin badakite, hasiera batean «arrarotzat» hartu zituztela askok, baina denborarekin hasieran aurriritziak zituen jendea ere hurbildu zaie; gainera, ahoz aho Orion eta eskualdean zabalduz joan da eurak egiten duten lanaren berri. Asteazken iluntzean inauguratu zuten areto berria esaterako, urtetan egindako lanaren fruitua da. Orain arte Kosta Tailerrean ematen zituzten tailer eta ikastaroak, baina gero eta ikasle gehiago zituztenez, eurentzat bilgune baten beharra sentitu zuten. Hemendik aurrera Antxiola kaleko 15. zenbakian izango dira, herritar orori euren lanaren berri eman eta kezkak argitzeko prest