Bertso Asteari hasiera eman zion atzo Errikotxia Bertsozale Elkarteak, azaroaren 8an abiatuko duten ikasturte berriari ongi-etorria eman eta Aia eta Orion bertso giroan murgiltzeko.
Atzo iluntzean Leterekin kantuberbetan Xabierren interpretazio bat kantaldi mintzatua eskaini zuen Jon Sarasuak Orioko Kultur Etxean.
Bihar bertso saioa izango da Kalakari tabernan 23:00etatik aurrera. Nafarroako eta Orioko bertsolariak arituko dira bertsotan: Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Oskar Estanga, Iñaki Gurrutxaga, Egoitz Eizagirre eta Unai Manterola.
Aian bertso hitzordua
Larunbatean Aian izango da bertso hitzordua Galtzagorriei To! Inaxito bertso antzerkia antolatu baitute Aiako frontoian, 17:00etatik aurrera.
Ondoren gau-iluntze partean bertso afaria izango da Alkar Elkartean eta Martin Rezabal Olaso, Aitzol Barandiaran eta Anjel Larrañaga bertsolariak parte hartuko dute bertan.
Larunbateko bertso afarian izan nahi duten herritarrek, txartelak salgai izango dituzte larunbat eguerdira arte, Aiako Iturriozena eta Orioko Loretxu tabernetan, 18 eurotan.