Oholtza gaineko alaba

Zestoako Hitza 2012ko urriaren 25a

Amancay Gaztañaga zestoarrak eszenatoki gainean jarraitzen du, baina oraingoan ez ditu musika tresnak inguruan, antzokietako oihal luzeak baizik. Tanttaka Teatroa konpainiarekin Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren moldaketa estreinatu berri du artista polifazetikoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antzoki nagusiek elkarrekin ekoiztu duten lehen antzezlana da, eta horrek obrari ateak zabalduko dizkiolakoan da aktorea eta abeslaria. «Halako ekoizpen handi bat egitea ezinezkoa da atzetik azpiegitura indartsurik ez badago. Viktoria Eugeniak, Arriagak eta Principalek proiektuan sartuta egotea bultzada handia da». Patxo Telleriak idatzi du egokitzapena, eta Tanttakako ekoizle Fernando Bermuesek zuzendu du. Aktore taldea, berriz, hamalau lagunez dago osatuta, eta Gaztañagak aitortu du esperientziarekin «pozez zoratzen» dagoela. «Atxaga da nire idazle kutunena, eta, hain zuzen, duela zazpi urte bere eleberria irakurri nuenean, antzezten dudan pertsonaia gogan iltzatuta geratu zitzaidan. Orain, berarekin elkartu naiz, eta oso polita izan da esperientzia». Hori kontuan izanda, «presio puntu bat» sentitzen duela onartu du zestoarrak, jakin badakielako Atxagak berak ikusiko duena obra. Atxagaren eleberriak hainbat gai du hizpide; 70eko hamarkadako tradizioaren etendura, orduan sortu ziren mugimenduak… «Istorioaren muina, ordea, bi anairen traizioa da, eta bertan zentratu da Telleriaren egokitzapena ere». Gaztañagak, berriz, Teresaren rola du. «Teresa da protagonistari begiak irekitzen saiatzen dena. Garaitik kanpo dagoen emakumea da; modernitatearen [...]

Amancay Gaztañaga zestoarrak eszenatoki gainean jarraitzen du, baina oraingoan ez ditu musika tresnak inguruan, antzokietako oihal luzeak baizik. Tanttaka Teatroa konpainiarekin Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren moldaketa estreinatu berri du artista polifazetikoak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antzoki nagusiek elkarrekin ekoiztu duten lehen antzezlana da, eta horrek obrari ateak zabalduko dizkiolakoan da aktorea eta abeslaria. «Halako ekoizpen handi bat egitea ezinezkoa da atzetik azpiegitura indartsurik ez badago. Viktoria Eugeniak, Arriagak eta Principalek proiektuan sartuta egotea bultzada handia da».
Patxo Telleriak idatzi du egokitzapena, eta Tanttakako ekoizle Fernando Bermuesek zuzendu du. Aktore taldea, berriz, hamalau lagunez dago osatuta, eta Gaztañagak aitortu du esperientziarekin «pozez zoratzen» dagoela. «Atxaga da nire idazle kutunena, eta, hain zuzen, duela zazpi urte bere eleberria irakurri nuenean, antzezten dudan pertsonaia gogan iltzatuta geratu zitzaidan. Orain, berarekin elkartu naiz, eta oso polita izan da esperientzia». Hori kontuan izanda, «presio puntu bat» sentitzen duela onartu du zestoarrak, jakin badakielako Atxagak berak ikusiko duena obra.
Atxagaren eleberriak hainbat gai du hizpide; 70eko hamarkadako tradizioaren etendura, orduan sortu ziren mugimenduak… «Istorioaren muina, ordea, bi anairen traizioa da, eta bertan zentratu da Telleriaren egokitzapena ere». Gaztañagak, berriz, Teresaren rola du. «Teresa da protagonistari begiak irekitzen saiatzen dena. Garaitik kanpo dagoen emakumea da; modernitatearen barruan dago, baina oraindik ez du bere lekua 70eko hamarkadako Euskal Herrian, eta tradizioaren eta modernitatearen artean borroka egiten du».
Pertsonaia «sendoa» dela deritzo aktoreak, eta bere aldetik «asko» jarri behar izan duela aitortu du. «Aktore batentzat beti da erronka pertsonaia baten aurrean jartzea, baina erronka bezala baino, ilusio handiarekin hartu dut obra hau». Pertsonaiarekin asko ari dela gozatzen azpimarratu du.
Antzezlanak baditu aldaketa batzuk eleberriarekin alderatuta, Gaztañagak adierazi duenez, baina jatorrizko istorioaren «mamiari» eutsi egin diote. «Eleberriaren trantsizio eta denbora aldaketak antzerkira eramatea oso zaila da, beraz, une eta pertsonaia asko kendu behar izan dira».
Euskal Herritik Madrilera
Joan zen astean eskaini zuten lehenengo saioa, Bilboko Arriaga antzokian. «Uztailetik etengabe entseatu dugu, eta dagoeneko estreinatzeko izugarrizko gogoa genuen. Indar handiarekin joan ginen bertara». Hain zuzen, aktoreen indarrak eta antzezlanak berak izan zuen erantzunik publikoaren artean, «harrera oso ona» izan baitzuen ikuskizunak. Hala, zapore gozoarekin eskaini zuen taldeak beste saioa atzo, Gasteizko Principal antzokian. Gaur izango dira azkeneko aldiz Arabako hiriburuan, eta hurrengo hilean, azaroaren 3an, 4ean eta 7an Donostiako Viktoria Eugeniako ohialak zabalduko dituzte.
Euskal Herrian ez ezik, Madrilgo CDN zentroan ere izango da taldea, martxoaren azken astean eta apirileko lehenengoan, eta Espainiako hiriburuan antzezlana taularatzea «erronka handia» izango delakoan da Gaztañaga. «Euskal Herria, Frankismoa, Falangismoa, ETAren sorrera… Madrilen oso gai tabuak dira». Gainera, saio batzuk euskaraz egingo dituzte, eta hori «aurrerapauso handia» dela nabarmendu du aktoreak.
Etorkizunera, esperantzaz
Gaztañagak, Euskal Herrian aritu aurretik, Madrilen antzeztu izan du hainbat konpainiakin. Tanttakakin jardutea «plazerra» dela dio, eta ez da lehenengo aldia halako talde eta ekoizpen handi batean lan egiten duena. «Antzerkian lan egin dudanean, konpainia indartsuekin egin izan dut, eta, zentzu horretan, zortea izan dut». Konpainia guztiak «desberdinak» direla uste du, eta egungoarekin «familia giroa» sentitzen du.
Bera ez ezik, talde osoa proiektuarekin «ilusionatuta» dagoela adierazi du. Ezarritako saioez gain, ez daki beste birarik egingo al duten, are gehiago kulturaren egoera ikusita. «Gure helburua ahal den gehien mugitzea da, baina halako ekoizpen handi bat programatzen jarraitzea ez da batere erraza». Dena den, obra honek Euskal Herrian ateak irekiko dizkiola irizten dio zestoarrak, aurrerantzean ere oholtzatik oholtzara publikoa zirrararazten jarraitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide