«Somos iguales ambos / Olvidate de jugar mis andrajos / Padecemos los dos el cancer / La arteroesclerosis del tiempo / Desde aquel primer llanto, incluso antes / Luego, una vez devueltos, recuperados / al sedimiento de la tierra seremos importantes, / contribuiendo a ser viento, y agua y rosas y vibracion». Daniel Txopitea artista zenaren poesia ahotan, Arte Sorkuntzarako Daniel Txopitea Beka aurkeztu zuen Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluzek, atzo iluntzean, Modelo zinema aretoan.
Artista bera «berreskuratuz» antolatu du Zarauzko Udalak lehiaketa, «garrantzitsua zela gogoratuz, haizea zela gogoratuz, ura, arrosa eta, batez ere, zirrara». Zirrara belaunaldiz belaunaldi igarotzen joan dela, eta «artean eta sorkuntzan sinesten» duen jende gaztea badela nabarmendu zuen Berasaluzek. Horrela, horiei guztiei keinu egin diete, nahiz eta udaletatik arteari horrelako laguntzak ematea eta sormenerako bekak antolatzea ohikoena ez izan. «Egin beharreko zerbait zela iruditzen zitzaigun».
Daniel Txopitearen oroimenezko izango da beka, eta haren izena eramango du. «Txopiteak asko eman zion Zarautzi. Zarautzek, ordea, ez dio horrenbeste eman, eta artista gazteek ere akaso ez dute bere lana ezagutzen», azaldu zuen Kultura zinegotziak. Udala bide bat egiten hasi da herriak artistari «dagokion aitortza» egin diezaion, eta beka hau urrats horietako lehena izango dela nabarmendu zuen. «Hurrengo urteetan Txopitearen Ziklope zaindaria eskultura herrian jarriko da. Zarautzek merezi duelako, eta Txopiteak merezi duelako». Hain justu ere, Ziklope zaindaria da bekaren logotipoa; horrek uztartzen ditu aipatu eskultura eta arte sorkuntzarako lehiaketa.
Artistaren alaba Ainize Txopitea pozik agertu zen aurkezpenean. «Gustura nago Zarauzko Udalak eta jende askok bere garaian gure aitak utzitako espiritua bereganatu duelako. Nik uste dut behar adina indar baduela, gur egun ere ulertzeko eta berreskuratu nahi izateko. Azken finean, bekarekin hori guztia islatu nahi izan da; murrizketen sasoi hauetan, bekak zerbait positiboa islatzen du». Txopiteak 30 urteko harremana izan zuen Zarautzekin, eta harreman hori ez ezik, bere ibilbide artistikoa laburbildu zuen. Begoña Zendoia alargunak, bere aldetik, esker hitzak baino ez zituen izan egitasmoaren inguruan.
Dualitatea eta aurrerakoia
Antolatzaileez eta familiartekoez gain, Koldobika jauregi eskultoreak eta bekako epaimahaikideak eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aitzpea Goenagak ere hartu zuten parte agerraldian. Jauregik zintzoki hitz egin zuen, Txopitearekin harreman gutxi izan zuela aitortuz. Hori horrela, artistaren arte ikuspegiaz aritu zen agerraldian: «Harekin badut halako enpatia bat, biok autodidaktak ginelako. Gauza nahiko arraroa, jada autodidaktarik geratzen ez delako gaur egun». Bere bizitzaren ildotik, uneoro «dualitate» batean zegoela adierazi zuen: «Margolaria zen, baina baita eskultorea ere. Bere margoen tratamendua askotan eskultorikoa dago, atzekalde planoekin».
Goenagak «kultur dinamizatzaile indartsu eta egile anitza» zela ekarri zuen gogora. «Denetarik egin zuen artearen barruan. Horregatik, guztiz egokia da ikus-artea garatuko dituen beka bat izen hau eramatea. Intelektualki ere oso ongi dator. Txopiteak etorkizun-sena izan zuen; oso aurrerakoia izan zen bere garairako, nolabait ere. Gainera, prestakuntza akademikoa zein berrikuntza asko maite zituen, eta hori da bekaren helburua».
Artista gazteentzako laguntza
Arte Sorkuntzarako Daniel Txopitea Beka batik bat artista gazteei zuzenduta dago. Ideia bat aldi jakin batean garatzea lehiaketa honen helburua. Irabazleak Udalaren Sortaldea Kultura Eremuan izango du bere lana sortu eta erakusteko. Horretarako edozein teknika artistiko jorratu ahal izango du: marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinea, bideoa, diseinu grafikoa, moda diseinua, artisautza… Sortze prozesua aurrera eraman ahal izateko 3.000 euro laguntza jasoko du onuradunak.Proiektuaren iraupena gutxienez hiru hilabetekoa izango da, eta gehienez seikoa; 2012ko abenduaren 1a eta eta 2013ko maiatzaren 31a bitartean, alegia.
Deialdiaren ebazpenari begira, Zuhar Iruretagoienak, Koldobika Jauregik eta Ainize Txopiteak osatutako epaimahaiak hainbat irizpide hartuko du kontuan: proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta originaltasuna; gai desberdinak biltzea eta haren ekarpena Zarauzko ikus-arteentzat; gaztea izateari lehentasuna emango diete; Zarautzen erroldatuta egotea; euskararen erabilera lehenestea; eta genero berdintasunaren alorrean eragin positiboa duten gaiak edo irudiak erabiltzea sorkuntza lanean.
Hori horrela, eskaria egiterakoan honakoa aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek: curriculum vitae dokumentatua; aurkeztutako proiektua lehenagotik eginda ez dagoen zinpeko aitortza; proiektuak hala eskatzen duenean, beharrezkoak izan daitezkeen egilearen eskubideak errespetatuko direla adierazten duen zinpeko aitortza; eskatzailearen obrarik berrienaren argazki-dossierra, gutxienez 10 eta gehienez 20 argazki edo diapositibarekin; eta Zarautzen erroldatuta dagoenaren ziurtagiria. Eskaerak aurkezteko epea deialdia GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 30 egunekoa izango da. Oinarriak eta zehaztasun guztiak www.kulturazarautz.org webgunean topa daitezke.