EAJko legebiltzarkidea izango da Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia, 1967) beste behin. Igandeko emaitzekin «pozik» da, hiru arrazoigatik: «Erkidego mailan irabazi egin dugulako, Eusko Legebiltzarrak gehiengo abertzalea izango duelako, eta Gipuzkoan Bildurekiko aldea asko txikitu dugulako». Hemendik aurrerako pausoez hitz egin dio egunkari honi.
Itunei buruz hitz egiteko unea iritsi da. Zer asmo ditu EAJk?
Kanpaina osoan zehar esan dugu gure asmoa irabaztea zela, gobernuko koaliziorik behar ez izateko adina tarterekin. Eta emaitzak bere horretan ikusita, hori posible dela iruditzen zait. Horrek ez du esan nahi ditugun erronkei aurre egiteko hitzarmen edo itunik beharko ez dugunik. Ahal diren zabalenak eta konpromiso handienarekin beharko ditugu, bi erronka nagusi baititugu: krisiari aurre egitea, eta bakea eta normalizazio politikoa lortzea. Eta ez dira ondo bideratuko ez bada alderdien arteko adostasunekin.
Igande gauean Urkulluk ere aipatu zuen «Euskadi denen artean eraikitzea» eta «egitasmo politikoak partekatua» izan behar duela.
Erkidegoko legebiltzarrak erkidegoko gizartearen pluraltasuna islatzen du, eta krisiari benetan eraginkor ekin behar badiogu, Eusko Jaurlaritzaren ekimen oso tinko eta argia eta ausarta behar da. Baina baita eragile politiko eta sozialen eta gizartearen inplikazioa ere. Eta horrek ezinbestean denekin irtenbideak hitzartzera garamatza. Legebiltzarraren hiru laurdenak abertzaleak dira, eta hori benetan pozgarria da. Baina izatetik harago, egitera pasatu behar gara; zehaztasunak eta denen aldetik konpromisoak behar ditugu hor. Eta horretarako beharrezkoa da bakoitzak izan ditzakeen postura maximalistak egokitzen asmatzea, denen artean denentzat ona izan daitekeen emaitza on bat ateratzeko.
Zenbait politika egiteko abertzale ez abertzale baino, ezker-eskuin aukerak garrantzitsuagoak izango dira. Igandean Basagoitik esan zuen PP «partidu baliagarria» izango dela. Zuentzako mezua al zen?
Ezker-eskuin, hori da batzuek erein nahi izan duten diskurtsoa, eta guk hasieratik gure diskurtsoa kontrajarri diogu horri. Lelo hutsek baino, benekotasunak du benetako balioa, eta nik uste dut jendeak besteak beste hori ere aukeratu duela. EAJk ardurak izan dituenean Jaurlaritzan edo erakundeetan, Europako eredu aurreratuenak jarraiki, politika asko jarri izan ditu martxan, eta gure politika guztien ardatza izan da inor ez uztea bazterrean, eta behar direnak egitea benetako justizia sozialean ahalik maila handiena lortzeko. Eta diskurtso horrekin jarraitzen dugu.
Zein izango dira aurreneko lanak?
Erakundeak egituratzeko lanketa hasiko da, eta lehendakaria aukeratu bezain pronto, hark lideratu egin beharko du erkidego honetako politika. Erkidegoan hiru lurralde daude, lurralde bakoitzak bere egitura du eta agintean alderdi desberdinak daude. Eta lehendakariak egin beharreko aurrenetariko gauza izango da bakoitzean dagoenarekin hitz egin eta orokorrean dituen proiektu horiek lurralde bakoitzera egokituta adostu.
Urola Kostan lortutako emaitzekin gustura dago EAJ.
Orokorrean emaitzekin gustura bagaude, Gipuzkoan oso gustura gaude. Amaiurrek Aralar barne izan zituen emaitzetatik orain EH Bilduk 15.000 bototik gora galdu ditu, eta 400 botora gelditu gara. Bailarako emaitzei begiratuta ere pozik gaude: Zarautzen EH Bilduk baino 1.000 boto gehiago izan ditugu, Azkoitian, Zumaian eta Orion ere irabazi egin dugu, eta orokorrean Bildurekiko aldea murriztu egin da eta kasu batzuetan buelta eman diogu egoerari.
——————————
“Gure lehentasuna preso eta ekonomia gaietan adostasunak aurkitzea da”
«Indartsu sartu gara, eta hainbeste lan egin duen jendeari eskerrak eman beharrean gara». Hala uste du Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) EH Bilduko hautagaiak. Ez du eserlekurik hartuko Eusko Legebiltzarrean, baina koalizioari buruz hitz egin dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Igandeko emaitzak ikusita, alderdi guztiak hausnartzen hasita egongo dira. EH Bilduk zer baldintza jarriko ditu besteekin itunak egiteko?
Goizegi da horren inguruan ezer zehatzik esateko, balorazio sakonetan sartzeko. Baina nik uste dut lehen markatutako ildoetatik joko duela. Hau da, nazio eskubideari begira aurrerapausoak emateko bada edo krisiari aurre eginez aldaketa sozialari begira eraginkorrak izan daitezkeen pausoak emateko, hitzarmenak egiteko arazorik ez da egongo.
Alde batetik burujabetzaren aldeko ildo garbi bat dago. Bestetik, ezkerra eta eskuina banaketa. Zer irakurketa egiten duzue?
Subiranotasunaren ikuspuntutik, argi dago EAE mailan ia-ia bi herenak abertzaleak direla. Beraz, argi dago hor zenbait pauso eraginkor eman daitezkeela, eta ilusio handiarekin hasi dezakegu aro berri hau. Bestetik, ezkerreko ikuspegi batetik ez dirudi hain indartsu gaudenik, baina dena dela gure taldea bada berme sendo bat hor lana egiteko eta planteamendu aurrerakoi horietan ahalik indar gehiena jartzeko. Gure koalizioa hasiberria den esperientzia bat dela esan daiteke, eta 21 laguneko taldea izatea pozgarria da.
Zein izango da EH Bilduren taldearen lehen lana Eusko Legebiltzarra osatzen denean?
Adostasunak aurkitzea arlo garrantzitsuenetan. Batzuk luzera begirakoak dira, baina badaude presazko kontuak. Batetik, bake prozesuan oso mingarriak diren hainbat alderdi arintzen saiatzeko pausoak daude: presoen egoera eta alde bietako biktimen aitortza, esaterako. Aurrerapausoak eman behar dira hor. Bestetik, krisiarekin lotutako erantzun azkarrak eta eraginkorrak eman behar dira.
Botoak galdu dituzue Gipuzkoan, eta igandean zenioen hausnarketa bat egin beharko litzatekeela. Urola Kostan, gainera, EAJk irabazi du.
Emaiatza oso onak izan ditugu, eta Gipuzkoan ere lehen postuari eusten diogu oso justuan bada ere. Hala ere, egin beharko da hausnarketa bat, soseguz, eta ondorioak atera. Gertatu dena esplikatzeko arrazoi batzuk bururatzen zaizkit lehen begiratuan, bai eskualdeari dagokionez, bai Gipuzkoa mailan: esaterako, agintera iristeak eragindako desgastea, eta zenbait komunikabide eta alderdi politikok hainbat gairen inguruan erabili duten beldurraren estrategia eta jarrera erasokorra.
———————–
EAJ 5 herritan nagusi, EH Bildu 6tan
Urola Kostako emaitzek datu orokorren joera jarraitu dute, eta EAJ gailendu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta EH Bildu izan da bigarren indarra. Zehazki, 742 botoren aldea atera diote jeltzaleek koalizioari; 15.910 boto eskuratu ditu eskualdean EAJk, eta 15.168 EH Bilduk. Baina izan da sorpresarik. Udal hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, behinik behin.
Urola Kostako sei udalerritan EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien: Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan. Guzti-guztietan Bildu da agintean udalean, 2011ko udal hauteskundeetan alderdi horixe gailendu ostean.
Modu berean, EAJren alde egin zuen gehiengoak Aian herenegun, iazko udal bozetan egin zuen bezala. Orion ere, EAJk lortu zituen boto gehienak, udal hauteskundeen gisan. Zehazki EAJk EH Bilduk baino 272 boto gehiago eskuratu zituen igandean. Udal bozetan ere jeltzaleak nagusitu ziren iaz (1.268 botorekin), eta Bildu bigarren indarra izan zen (1.038 botorekin), baina Orainekin adostuta osatu zuen koalizioak udal gobernua.
Logika hautsia
Baina Azkoitian, Zarautzen eta Zumaian hautsi egin da udal hauteskundeak=legebiltzarrerako bozak logika. EAJren papertxoa aukeratu dute herritar gehienek hiru udalerrietan, izan ere. Azkoitian 180 botoren aldea atera dio EAJk EH Bilduri Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan; udal bozetan, berriz, Bilduk EAJk baino 720 boto gehiago eskuratu zituen (guztira 2.596 boto Bilduk, eta 1.876 boto EAJk). Zumaian ere EAJ nagusitu da, alde txikiarekin bada ere, Eusko Legebiltzarrerako bozetan. 71 botoren aldea atera diote zehazki jeltzaleek EH Bilduri. Bi agintaldi dira, ordea, EAJ udal gobernutik kanpo dagoena. Aurreko agintaldian ezker abertzaleak eta EAk osatu zuten gobernua, eta orain Bildu da agintean, bozak irabazita.
Eta Zarautzen ere EAJ nagusitu da, udal bozetan Bilduk aldea atera bazion ere. Horren aurrean, Zarauzko Bilduk «hausnartu» egin beharko duela adierazi du Patxi Elolak, herriko zinegotziak eta PSE-EEko hautagaiak, eurentzat ere emaitzak ez direla «gustukoak izan» aitortzearekin batera.
