Trenaren museoak eta Aldundiak akordioa sinatu dute

Nerea Uranga 2012ko urriaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Joan den ostegunean egin zuten akordioaren helburua bi erakundeen artean «epe luzerako harremanak arautzea» izan da. Sinadura ekitaldian Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, Ernesto Gasco Burnibidearen Fundazioko lehendakariordeak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Maitane Ostolaza Azpeitiko Burnibidearen Euskal Fundazioko zuzendariak hartu zuten parte. Kultura diputatuaren esanetan, hitzarmen garrantzitsua da Burnibidearen Fundazioarekin egindakoa eta aspalditik egin nahi zutena gainera, «behingoz aspalditik genuen nahi eta irriki bat abian jarri da. Hala, Azpeitiko Burnibidearen Museoa, Gipuzkoako beste museo guztiekin batera, sarean jarriko da». Burdinbidearen Fundazioko arduradunak bat etorri dira diputatuarekin eta egin berri duten akordioak, «fundazioak hainbat ekimen antolatu ahal izatea, eta horiek Gipuzkoako errealitate sozio-kulturalean eragina izatea» ahalbidetuko duela adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide