Larunbat eguerdian
Harria ikuskizunaren baitan Idoia Etxeberria eta Aimar Irigoien harri-jasotzaileek marka berriak jarri zituzten Donostiako Vitoria Eugenia antzokian. Oriotarrak emakume batek erakustaldi ofizial batean inoiz jaso duen harririk handiena jaso zuen asteburuan, 150 kiloko lauki-zuzena hain zuzen ere. Harri-jasotzaile gazteak harria behin jasotzea nahikoa zuen marka berria egiteko, baina azkenean lau jasoaldi egin zituen. Lehen jasoaldia pittin bat kostatu zitzaion eta Etxeberria ez zen gustura geratu; dena dela, beste hiru jasoaldiak garbiak izan ziren.
Errezildarrak, bestalde, 125 kiloko zilindro zaharrarekin 45 jasoaldi egin zituen bata bestearen atzetik bost minutuko txanda bakarrean.
Urte bete harririk jaso gabe
Azken urtean Idoia Etxeberriak gogor egin du lan bizkar-hezurrean jaiotzetik duen lesioa kontrolatu eta harri-jasotzen jarraitu ahal izateko. "Jaiotzetik bizkar hezurreko orno bat itsasita egon beharrean, bananduta daukat. Harria jasotzean, bizkarrarekin atzeratz egiten dut, eta mugimenduarekin hezurrak sufritu egiten du. Hala, hezurrean desgastea sortzeko arriskua dago; bizitza guztirako kaltetzeko arriskua, alegia. Sendagile batek harri-jasotzea betirako utzi beharko nuela ere aipatu zidan. Malkoak atera zitzaizkian; lur jota utzi ninduten. Dena dela, prestatzailearekin hitz egin nuen, eta esan zidan gerri aldea indartzeko gimnasioan lana ondo eta serio eginez gero, harria-jasotzen jarraitzeko aukera izango nuela" azaldu zion Etxeberriak UROLA KOSTAKO HITZA-ri. Urtebetez gimnasioan prestatu da oriotarra harririk ukitu ere egin gabe; behin lesioa kontrolatu eta plazara itzulita, Etxeberriak gogo biziz hartu zuen marka berria egiteko proposamena.
Larunbateko erakustaldiaren ondoren, Idoia Etxeberria oriotarra da 150 kiloko harri laukizuzena lau aldiz altxa duen emakume bakarra.