Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko hautagai zumaiarrak HITZAri gaur gauean egindako adierazpenak dira. EAJk irabazi ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta "pozik" agertu da Arrizabalaga. Legebiltzarkidea izango den eskualdeko hautagai bakarra da, eta hiru arrazoi eman ditu pozik egoteko: "Aurrena, erkidego mailan irabazi dugulako. Bigarrenik, legebiltzarrak nagusitasun abertzalea izango duelako. Azkenik, eta oso garrantzitsua, Gipuzkoako emaitzengatik".
Hirugarren arrazoiaren inguruan xehetasun gehiago eman du zumaiarrak. "Orain urte eta erdi Bilduk—Aralar kontuan hartuta– 30.000 botoko aldea atera zion EAJri. Orain, alde hori gutxitu egin dugu, 600 botora". Bere ustez horrek argi uzten du "EAJren aukeraren gorakada", baita beraien "apustu estrategikoa zuzena" izan dela ere; alegia, "uko egin diogu zuzenean Bilduren kontra jarduteari, konfrontazioari, eta asmatu egin dugu".
Azkenik, Arrizabalaga gustura agertu da eskualdean izandako emaitzekin ere: "Orion
arrasatu egin dugu eta Zumaian eta Zarautzen ere irabazi egin dugu".