Berri agentziek jakinarazi dutenez, Getariako Urki txakolindegiko lau enpresaburu eta langileburua atxilotu dituzte aste honetan. Asteazkenean egin zituen atxiloketak Espainiako Poliziak, ustez paperik gabeko langile atzerritarrak lanean edukitzeagatik. 50 lagun identifikatu zituzten guztira, eta 29 langile ere atxilotu egin dituzte, Atzerritartasun legea urratzea egotzita. Mahatsa biltzeko garaian ari ziren lanean etorkinak, Getariako Askizu auzoko txakolindegian.
Espainiako Poliziako Atzerritarren Brigadak egin du operazioa, Gizarte Segurantzako Lan Ikuskaritzarekin batera. Albariño deitu diote operazioari.
Getariako Txakolina Jatorri Izendapeneko arduradunekin hitz egin du HITZA-k. Ez dute adierazpenik egin nahi izan: “Bide ofizialetik oraindik informaziorik ez dugu jaso, eta beraz ezin dugu baloraziorik egin”. Urki enpresakoek ere ez dute inolako adierazpenik egin nahi izan.
