Herritarrak ari dira botoa ematen

Onintza Lete Arrieta 2012ko urriaren 21a

Aterkia esku batean, botopapera bestean, milaka herritar igaro dira eguerdirako eskualdeko hauteslekuetatik. Eusko Legebiltzar berria aukeratuko da gaur, eta eguraldia petrala izan arren, gazteenetatik hasi eta adinekoenera arte atera dira etxetik boto eskubidea gauzatzeko. Oraingoz, lasaitasuna da nagusi, bat baino gehiago etxera bidali behar izan duten arren, NAN gabe agertu direlako bozkatu nahian. Halakoak gertatu zaizkie, esaterako, Zumaian. Aizarnazabalen, berriz, telebista aparatu dotore eta guzti daude, herritarrik gerturatzen ez den denbora tarte luzeei aurre egiteko: "500 herritar inguruk ematen du botoa hemen, eta arratsalde partean agian bi ordutan ez da inor agertzen", azaldu du herritar batek. 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak, eta orduan hasiko dira kontaketak Euskal Autonomia Erkidego osoan. Emaitzak webgune honetan jarraitzeko aukera izango da gaur gauean,  eskualdeko hautagaien erreakzioekin batera.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide