Auzolanean egindako lanari, herri-ondasunen inguruan egiten denari deitzen zitzaion garai batean danda. Hala dio Zarautz hizketan liburuak. Zarautzen, bereziki, erribera inguruko erretenak garbitzea, herri-bideak konpontzea (adibidez, kanposantura doana), eta moilako lanak herritarren artean egitea zen danda. Auzokoen artean arautua zegoen, eta derrigorrezkoa zen. Filosofia hori berreskuratuz eta Torreoia eraiki zela 100 urte beteko direnez, herritar talde batek «eredu hura deskubritu eta gaurkotzea» erabaki du eta Hatorr2012 auzolanera proiektua abiarazi dute, Zarauzko Torreoia zaharberritzeko asmoz.
Gaur bertan herritar talde bat Torreoian bildu da eta auzolanean ingurua txukuntzen aritu dira. Trikitixaz alaituta hamaiketako ederra ere egin dute. Eguerdian, Hatorr2012 auzolanera proiektuaren omenez egin duten eskultura inauguratu dute eta eguraldi kaskarra ari bazuen ere, lanean jarraitu dute ondoren.





