Surf munduan girotutako Tres-60 izena du filmaren hainbat irudi grabatuko dituzte Anibarko Portuko etxebizitza batean urriaren 22, 23 eta 24an. Produkzio taldeak grabaziorako ibilgailuak eta materiala eskura izan behar dituenez, kalea okupatzeko eskaera egin dio Orioko Udalari eta Udaletik baimena eman dio. Horrek bizilagunei aparkatzeko arazoak eragingo dituela aurreikusita, igandetik asteazken gauera bitartean, Anibarko Portuan ahal duten tokian aparkatzeko eskatu die alkateak. Jakinarazi die Udalak ez duela isunik jarriko tarte horretan eta izango duten pazientzia eta jarrera egokia eskertu ditu.
Luis Berdejo donostiarrak idatzi eta Alex Ezkurdia legorretarra zuzentzen ari den pelikulan Sara Salamo eta Raul Merida aktoreak dira protagonista nagusiak. Horiez gain, Geraldine Chaplin, Joaquim Almeida eta Guillermo Estrella aktoreek ere hartuko dute parte.
Filma zein motakoa den azaltzean sailkaezina dela diote aktoreek. Izan ere, surfari buruzko istorio batean maitasuna, beldurra, abentura… denek egiten dute bat.
Sara Salamo eta Raul Merida aktoreak bikote gazte protagonista izango dira. Salamok argazkilaria izango da eta Merida surfzalea batena eta uretan aurkituko duten argazki karrete zahar bat izango da hari nagusia. Karreteari tira eginez askatuko dituzte filmaren sekretu eta misterioak. Pertsonaien bizitzek buelta osoa emango dute eta filmak ere surflariek olatu gainean egiten duten 360 mugimenduaren izena jasoko du.
Donostiako Aieteko jauregian filmatu zituzten hainbat irudi eta surf eszena guztiak Zurriola hondartzan. Donostiako beste hainbat txokotan ere izan dira filmatzen eta Zumaian, Getarian, Hondarribian eta Lekunberrin eta Orion hartutako irudiak ere izango dira filmean.
Filma hurrengo urtean estreinatu ahal izatea espero dute.