Aurkeztu berri dute datorren igandean, hilaren 28an, ospatuko den Mobibike Eguneko egitaraua. Aspanogi minbizia duten haurren gurasoen elkarteak laugarren urtez antolatu du elkartea ezagutaraztea eta ekimenak aurrera eramateko irabaziak lortzea helburu duen festa. Ohi bezala, bizikleta izango da protagonista, baina hainbat bidelagun izango ditu: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak; hainbat txirrindulari profesional, Markel Irizar eta Aimar Zubeldia, tartean; ZRT Zarautz Rugby Taldea eta beste zenbait elkarte; Ken 7 taldea… Horrez gain, ikuskizunak, triatloi txikia, BTT irteera, puzgarriak… askotariko jardunaldiak izango dira igandean.
Antolatzaileek ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak zein bisitariak, gaixotasun horren “botika onena irria eta elkartasuna baita”.
EGITARAUA
09:00. BTT trabesia.
10:00. Triatloi txikia.
11:00. Pertsonaia ospetsuekin bizikleta bira.
11:30-17:00. Umeentzako zirkuituak eta erakusketa.
17:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saio berezia.
