Enpresa txikietan lan arriskuak saihesten laguntzeko programa abiatu dute

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 19a

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko ostalaritza eta elikadura inguruko merkatariei zuzendutako Mikropreben programa jarriko du martxan. Horren bidez, prebentzio arloko eskakizunak betetzeko beharrezko tresnak jarriko dizkiete eskura ostalaritza eta elikadura sektoreetan lan egiten duten enpresa txikiei. «Badakigu enpresa txikientzat ez dela batere erraza lan arriskuen legea zehatz-mehatz ezagutu eta betetzea eta horregatik gauzak erraztu nahi dizkiegu eskualdeko ostalaritza eta elikadura inguruko merkatariei» azaldu dute. Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa txikiei prebentzioa kudeatu eta bere gain hartzeko laguntza emango die. Horretarako, «batetik prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko da eta bestetik, enpresa txikiei egokituta dokumentazioa garatzen lagunduko da» zehaztu dute. Egitasmoan izena eman edo informazio gehiago lortu nahi duten enpresaburuek 943-890808 telefono zenbakira hots egin edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide