Lehendakaria bozkatzeko aukera, 48 ordu barru

Onintza Lete Arrieta 2012ko urriaren 19a

Azken bi asteetan politikariek hainbat ekitaldi eta adierazpen egin dituzte Urola Kostako hamaika txokotan. Igandean Eusko Legebiltzar berria hautatzeko aukera izango dute herritarrek, eta nork beretzat eskatu du botoa. Eskualdean EAJk eta EH Bilduk egin dute ahalegin handiena. Bihar ere alderdi horien ekitaldiak izango dira gurean. EH Bilduk Zestoan egingo du, 20:00etatik aurrera eta festa giroan. EAJk, berriz, Zarautzen amaituko du Gipuzkoako kanpaina. 12:30ean Argiñano jatetxearen parean Joseba Egibar zerrendaburuak adierazpenak egingo ditu. PSE-EEk eta PPk, bestalde, badakite boto gutxi dituztela eskualde honetan, eta indarrak Gipuzkoako beste hainbat tokitan jarri dituzte. 48 ordu baino ez dira falta Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria aukeratzeko. Igandean 09:00etatik 20:00etara izango dira zabalik hauteslekuak eskualdeko 11 herrietan. Kanpaina amaitzear egonagatik, lasaitasunak jarraitzen du kaleetan. Aurreko urteetako hauteskundeak gogorragoak izan dira adierazpenei dagokienez, eta ekimentsuagoak ere izan dira. Krisi ekonomiko larrian bete-bete sartuta egon arren, politikoki lasaitasuna arnastu da gurean. Dudarik gabe, horretan eragina izan du alderdi guztiek hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dutela oraingoan, eta ez dela ETAren mehatxurik egon inorentzat. Ekonomia ibili da nagusi politikarien ahoetan. Kontuak kontu, hautagaiek era guztietako gaiak jorratu dituzte eskualdera egindako bisitetan: Azkoitian enpresak eta Oteiza museoa bisitatu dituzte, esaterako; Azpeitian astearteetako azokan elikadura subirautza izan dute ahotan; Zestoan hoteletan nahiz kaleetan zehar ibili dira; Zumaian Algorri Interpretazio Zentroa bisitatu dute, Alondegian ekitaldiak egin dituzte eta haietako batean lehiakortasunaz aritu dira; Getarian kaleak izan du garrantzia; Zarautzen bideo bat filmatu dute golf zelaira sartuta eta museoen atarietan kultura izan dute hizpide; eta Orion arrantzaleekin, arraunlariekin eta herritarrekin izan dira hautagaiak. Azken herri horretako EH Bilduk gutuna ere plazaratu du, igandean bozkatzera deituz herritarrak. Azpeitiko EAJren salaketa Ez da oharra plazaratu duen bakarra izan. Azpeitiko EAJk ere badu zer esanik kanpainaren azken txanpa honetan. Izan ere, kartelak kendu dizkietela salatu dute: «Alderdiaren hauteskunde kartelak dagozkien tokian jarrita genituen, eta ezezagunek kendu egin dituzte». Adierazi dutenez, ez da behin gertatu den zerbait izan; «hiru aldiz berritu behar izan ditugu kartelak». Azpeitiko EAJk jarrera horien egileak kritikatu ditu: «Ekintza horiek egiten ari diren ezezagunek argi eta garbi uzten dute agerian beren jarrera antidemokratikoa, eta karteletan agertzen diren ideiekiko agertzen duten errespetu falta». Informazio guztia, HITZA-rekin 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan egin bezala, oraingoan ere eskualdeko informazio guztia eskainiko du HITZA-k. Igandean eguerditik aurrera hauteslekuetako argazkiak eta giroaren berri emango du egunkari honek urolakosta.hitza.eus webgunearen bitartez. Gainera, aurreko hauteskundeetako emaitzak tarta bidez ikusteko aukera izango da. Emaitzak publiko egin ahala, webgunearen bidez jarraitzeko aukera izango dira aurtengo emaitzak. Gau partean, eskualdeko hautagaien esanak jasoko dira urolakosta.hitza.eus webgunean. 2009tik hona nabarmen aldatu da hauteskundeetan egongo diren alderdien abanikoa. Orain hiru urte ezker abertzalea D3M izenarekin aurkeztu zen, auzitegiek aukera hori legez kanpo utzi arren. Milaka boto eskuratu zituen eskualdean. Bestetik, ordukoan EA eta Aralar alderdiak nor bere aldetik aurkeztu ziren. EH Bildu koalizioak hartuko ditu ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba. Azken hau Ezker Batua-Berdeak alderditik bananduta dago. Ezker Anitza-IU-LV ere lehen aldiz aurkeztuko da, hori ere Ezker Batua-Berdeak alderditik banandu ondoren. 2009an EAJk 16.267 boto eskuratu zituen Urola Kostan; D3Mk 5.436; PSE-EEk 5.281; Aralarrek 4.512; EAk 2.259; PPk 1.646; eta EBk 778.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide