
Ezkerretik eskuinera, Zarauzko Ingurumen zinegotzi Alizia Osa, Orioko alkate Beñat Solabarrieta, UKUEko lehendakari Amaia Guruzeta eta Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko Amaia Otazo, atzo (Amaia Ventas/Hitza)
Urola Kostako Udal Elkarteak, Kutxa Ekoguneak, Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek, eta eskualdeko arrandegi guztiek Ontziratu zaitez kanpaina jarriko dute martxan urriaren 23an. Helburu bikoitza du ekimenak: batetik, arrandegietan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea, tupper-ak erabiliz, eta bestetik, herritarren portaera egokiak saritzea.
«Finean ohiturak aldaraztea da asmoa, kontsumitzeko beste modu bat sustatzea», nabarmendu du Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko arduradun Amaia Otazok. «Arraina erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsetan sartzen baitira ondoren», gaineratu du. Hondakinok murrizte aldera, guztira 13.500 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte bost udalerrietan, eskualdeko 23 arrandegietan erabili ahal izateko. Doan emango dituzte.
Hainbat abantaila du kanpainak, Otazoren arabera. Batetik, erosketak erosoagoak izango direla ohartarazi du: «Erosleak behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbian, gainera». Bestetik, saltokientzako kostua murriztuko da, aurrerantzean ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili beharko. Era berean, hondakin gutxiago sortuko da, eta horrek ingurumenari mesede egingo dio. «Ekimen honekin denok irabaziko dugu», dio.
Datorren asteartetik, ontziak noiz eta non banatuko diren jakinarazteko txartelak banatuko zaizkie bezeroei eskualdeko arrandegitan. Orioko alkate Beñat Solabarrietak aurreratu duenez, azaroaren 5a eta 10a artean banatuko dira.
Arraindegira erosketak egitera joango den bezeroren batek tupper-a etxean ahaztu badu, saltokian utziko diote urdin koloreko ontzi berrerabilgarri bat—bezeroei banatuko zaizkienak berdeak dira—. Bezeroak hurrengo egunean itzuli beharko du ontzia.
Sariak
Erabiltzaileek, gainera, saria izango dute. Zarauzko Ingurumen zinegotzi Alizia Osak esan du erosketa bakoitzarekin txartel bana emango zaiela bezeroei. Arrandegi bakoitzak hilero 30 euroko erosketa txartel bat zozkatu du horien artean. Kanpaina horrek sei hilabete iraungo du.Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak herritar oro animatu du kanpainan parte hartzera: «Guztion artean lortuko dugu hondakinak murriztea».
Urolako herrietan
Ontziratu zaitez kanpainaren baitako ontziak gaur eta asteartean banatuko dituzte Zestoan. Orotara, 900 tupper banatuko dituzte. Gaur, 10:00etatik 13:00etara banatuko dituzte Zestoako udaletxe azpian, eta hilaren 23an, berriz, 17:00etatik 20:00etara.
Errezilen eta Beizaman ere banatuko dituzte ontziak. Bi kasu horietan udaletxean jaso beharko dute herritarrek.
Bihar, Ekobira Azpeitian
«Beste kontsumo era bat posible dela» egiaztatu izateko Ekobira azoka egingo da bihar Azpeitian, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era. Bertan, elikadura subiranotasuneko, eskulangintzako, ekoetxeko eta berrerabilpeneko postuak egongo dira.
Horrez gain, Ontziratu zaitez kanpainako ontziak edo tupper-ak banatuko dituzte 10:00etatik 13:00etara, plazan. Gaur zortzi ere banatuko dituzte, 17:00etatik 20:00etara.
—————————————–
Ontzi berrerabilgarrien banaketa
Aia
-Azaroak 5, astelehena. 11:00-13:00, herriko plazan.
-Azaroak 10, osteguna. 16:00-18:00, herriko plazan.
-Santio eta San Pedro auzoetako bizilagunek Orion, eta Elkano eta Urdanetako bizilagunek Zarautzen hartuko dituzte.
Getaria
-Azaroak 7, asteazkena. 16:30-19:30, udaletxe azpian.
-Azaroak 9, ostirala. 09:00-12:00, Gudarien enparantzan.
Orio
-Azaroak 6, asteartea. 16:30-19:30, udaletxeko plazan.
-Azaroak 8, osteguna. 09:0013:00, udaletxeko plazan.
Zarautz
-Azaroak 8, osteguna. 16:30-19:30 bitartean, Araba kalea (Eroski saltoki handiaren atarian, esne makinaren ondoan).
-Azaroak 10, larunbata. 10:30-13:30 bitartean, Lege Zaharren Enparantzan.
Zumaia
-Azaroak 6, asteartea. 16:00-19:00 bitartean, Erribera kalean.
-Azaroak 8, osteguna. 10:00-13:00 bitartean, Amaiako plazan.