Urola Kostako Udal Elkarteak; Kutxa Ekoguneak; Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako udalek, eta eskualdeko 23 arrandegik
Ontziratu zaitez! kanpaina jarriko dute martxan urriaren 23an. Helburu bikoitza du ekimenak: batetik, arrandegietan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea,
tupper-ak erabiliz, eta bestetik, herritarren portaera egokiak saritzea. "Finean ohiturak aldaraztea da asmoa, kontsumitzeko beste modu bat sustatzea", nabarmendu du Kutxa Ekoguneko Kontsumo Jasangarria saileko arduradun Amaia Otazok. "Arraina erosterakoan sortzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi da. Erosketa hauek egiterakoan hondakin kopuru handia sortzen da, produktu hauek paperean biltzeaz gain, plastikozko poltsetan sartzen baitira ondoren", gaineratu du. Hondakinok murrizte aldera, guztira 13.500 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte bost udalerri horietan, doan, eskualdeko arrandegi guztietan erabili ahal izateko.
Hainbat abantaila ditu kanpainak, Otazoren arabera. Batetik, erosketak erosoagoak izango direla ohartarazi du: "Erosleak behin etxera iritsita, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dutelako, modu garbian, gainera". Bestetik, saltokientzako kostua murriztuko da, aurrerantzean ez baitute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. Era berean, hondakin gutxiago sortuko da, eta horrek ingurumenari mesede egingo dio. "Ekimen honekin denok ateratzen gara irabazle", dio.
Datorren asteartetik, ontziak noiz eta non banatuko diren jakinarazteko txartelak banatuko zaizkie bezeroei eskualdeko arrandegitan. Orioko alkate Beñat Solabarrietak jakinarazi duenez, azaroaren 5 eta 10a bitartean banatuko dira, ondorengo egun eta orduetan:
AIA
- Azaroak 5, astelehena, 11:00-13:00 bitartean, Aiako plazan.
-Azaroak 10, osteguna, 16:00-18:00 artean, Aiako plazan.
Santio eta San Pedro auzoetako bizilagunek Orion hartu ahal izango dituzte ontziak. Elkano eta Urdanetakoek, berriz, Zarautzen.
GETARIA
- Azaroak 7, asteazkena, 16:30-19:30 bitartean, udaletxe azpian.
- Azaroak 9, ostirala, 09:00-12:00 artean, Gudarien enparantzan.
ORIO
- Azaroak 6, asteartea, 16:30-19:30, udaletxeko plazan.
- Azaroak 8, osteguna, 09:0013:00, udaletxeko plazan.
ZARAUTZ
- Azaroak 8, osteguna, 16:30-19:30 artean, Araba kalea (esne makinaren ondoan).
-Azaroak 10, larunbata, 10:30-13:30 bitartean, Lege Zaharren Enparantzan.
ZUMAIA
- Azaroak 6, asteartea, 16:00-19:00 bitartean, Erribera kalean.
-Azaroak 8, osteguna, 10:00-13:00 artean, Amaia plazan.
Erosleren batek
tupper-a ahaztu badu, arrandegian bertan utziko diote ontzi berrerabilgarri bat. Bezeroak hurrengo egunean itzuli beharko du ontzi hori.
Sariak
Erabiltzaileek, gainera, saria izango dute. Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzi Alizia Osak esan du erosketa bakoitzarekin txartel bana emango zaiela bezeroei. Arrandegi bakoitzak hilero 30 euroko erosketa txartel bat zozkatu du horien artean. Kanpaina horrek sei hilabete iraungo du.
Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak herritar oro animatu du kanpainan parte hartzera: "Guztion artean lortuko dugu hondakinak murriztea".
Informazio gehiagorako: www.ekogunea.net,
www.facebook.com/ekogunea,
www. urolakosta.org .